Sistiaga Enea etxe okupatua hustuarazi dute
Lezoko Kale Nagusiko 32. zenbakian dagoen Sistiaga Enea etxe okupatua hustuarazi zuten joan den ostegunean. Etxe okupatuan hainbat pertsona bizi ziren. Bertan bizi zirenek hainbat lezoarren babesarekin elkarretaratzea egin zuten ostegun eguerdian Gurut...
Lezoko Kale Nagusiko 32. zenbakian dagoen Sistiaga Enea etxe okupatua hustuarazi zuten joan den ostegunean. Etxe okupatuan hainbat pertsona bizi ziren. Bertan bizi zirenek hainbat lezoarren babesarekin elkarretaratzea egin zuten ostegun eguerdian Gurutze Santuaren plazan etxetik atera arazi dituztela salatzeko.
Gesolnor higiezin agentziaren jabetza da Sistiaga Enea. Agentziak etxea bota nahi zuen, bertan etxebizitza berriak eraikitzeko, Baina asmo hori bertan behera utzi zuten, legediak ez duelako uzten balio historikoa eta arkitektonikoa duten etxeak botatzea. Hala, joan den urteko abuztuan herritar talde bat etxea okupatu eta bertan bizitzen hasi zen. “Urteetan zehar hutsik egon da etxea, erortzeko arriskuan zegoen, eta bertara sartu eta etxea biziberritzeari ekin genion”, esan dute bertan bizi zirenek.
Alta, bertan bizi zirenen kontrako bide judiziala zabaldu zuen Gesolnor agentziak: “Utzikeria nabarmenean zegoen etxe honi bizitza emateko gure saiakerak delitu penal baten akusazioarekin ordain arazi dizkigute enpresa espekulatzaile aseezinek zein legediaren irakurketa partzial eta interesatuak burutzen dituzten epaileek”.
Horren aurrean, okupazioa ez dela delitua uste dute Sistiaga Enean bizi zirenek, “behar baten aurrean aurrera daramagun alternatiba bideragarria baizik”. Aldi berean, eskerrak eman dizkiete babesa eman dieten guztiei.