Iñigo Imaz: “Gipuzkoan badago beste gehiengo bat, ezkerrekoa eta aurrerakoia” (elkarrizketa osoa)
Hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan erabat sartuta dago Iñigo Imaz (Errenteria-Orereta, 1976). Errenteriako Udalerako Aralarren zerrendaburua izateaz gain, Bidasoa-Oiartzun hautes barrutiko Batzar Nagusietako zerrendan lehena da. Aralarrek bai Errenteriako Udalean bai Batzar Nagusietan herritarren parte hartzeari berebiziko garrantzia emango diola jakinarazi du, eta Errenteriako Udala herritarrentzako “itxita” egon dela salatu du. Errenteriako Udalerako Aralarren zerrendaburua zara. Egin azken legegintzaldiaren balantzea. Aralarren ikuspegitik azken legegintzaldia aurrekoetan egin denaren eta egin ez denaren jarraipena izan da. Gure ustez argi gelditu da ez dagoela hiri proiekturik, ideia freskorik, eta agortuta dagoen gobernu baten ondorioak pairatzen ari da herria. Gu saiatu gara udal batzorde informatiboetan parte hartzen, eta proposamenak egin ditugu. Udal honen jarrera beti itxia izan da. Ez guk bakarrik, beste batzuek ere izan dute sentsatzio hori, hau da, Udalak ateak itxita dituela. Zeintzuk dira, beraz, Udalerako dituzuten lan ildoak? Parte hartzean oinarrituko dugu gure jarduna. Denok hitz egiten dugu herritarren parte hartzeaz, baina guk ideia zehatzak ditugu. Egun Udala kudeatzen duen hirukoteko kideek ere parte hartzearen alde daudela esango dute, baina gure proposamena da erabakari garrantzitsuenak galdeketa bidez hartzea. Horretarako prozesuak abian jarriko ditugu. Horren adibide zehatza Musika Plazarena da. Bertan egin diren berrikuntza guztiak ez dira egin bertan bizi direnen parte hartzearekin. Musika [...]
Hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan erabat sartuta dago Iñigo Imaz (Errenteria-Orereta, 1976). Errenteriako Udalerako Aralarren zerrendaburua izateaz gain, Bidasoa-Oiartzun hautes barrutiko Batzar Nagusietako zerrendan lehena da. Aralarrek bai Errenteriako Udalean bai Batzar Nagusietan herritarren parte hartzeari berebiziko garrantzia emango diola jakinarazi du, eta Errenteriako Udala herritarrentzako “itxita” egon dela salatu du.
Errenteriako Udalerako Aralarren zerrendaburua zara. Egin azken legegintzaldiaren balantzea.
Aralarren ikuspegitik azken legegintzaldia aurrekoetan egin denaren eta egin ez denaren jarraipena izan da. Gure ustez argi gelditu da ez dagoela hiri proiekturik, ideia freskorik, eta agortuta dagoen gobernu baten ondorioak pairatzen ari da herria. Gu saiatu gara udal batzorde informatiboetan parte hartzen, eta proposamenak egin ditugu. Udal honen jarrera beti itxia izan da. Ez guk bakarrik, beste batzuek ere izan dute sentsatzio hori, hau da, Udalak ateak itxita dituela.
Zeintzuk dira, beraz, Udalerako dituzuten lan ildoak?
Parte hartzean oinarrituko dugu gure jarduna. Denok hitz egiten dugu herritarren parte hartzeaz, baina guk ideia zehatzak ditugu. Egun Udala kudeatzen duen hirukoteko kideek ere parte hartzearen alde daudela esango dute, baina gure proposamena da erabakari garrantzitsuenak galdeketa bidez hartzea. Horretarako prozesuak abian jarriko ditugu. Horren adibide zehatza Musika Plazarena da. Bertan egin diren berrikuntza guztiak ez dira egin bertan bizi direnen parte hartzearekin. Musika kontzertuak eta ekitaldiak egiteko toki bezala pentsatu zen plaza garai batean, baina Udalak erabaki du jolas parkea egitea. Jolas parkeak beharrezkoak dira, baina beharbada inguruko herritarrek eta dendariek parte hartzeko prozesu batean iritzia emateko aukera izan balute, segur aski beste egitasmo bat izango litzateke egingo luketena. Hau da, kontzertuak, ekitaldiak, dantzaldiak eta bestelakoak egiteko plaza izango litzateke. Hori adibide bat bestetik ez da; horrelako asko daude. Gai txikieen eta gai estrategikoen gainean erabakiak hartzeko parte hartzea bultzatuko dugu. Zaborren kudeaketarekin, hirigintza egitasmo handiekin, edo Gaztañoko bizilagunekin ere, adibidez, erabakiak hartzeko parte hartzea sustatuko dugu.
Bidasoa-Oiartzun hautes barrutiko Batzar Nagusietarako zerrendaburua zara ere. Zein balorazio egiten duzu Aldundiak azken lau urtean egin duen lanaz, eta zein proposamen dituzue?
Aldundian EAJk, PPk, PSE-EEk eta Hamaikabatek osatutako frontea egon da. Gipuzkoan badago beste gehiengo bat, aurrerakoia eta ezkerrekoa, eta ez dute kontuan hartu. Egitasmo handiak bultzatzen ari da fronte hori; beharbada herritarren babesa izango dute, baina parte hartzearen alorrean ez dituzte herritarrak kontuan hartu. Zeini egiten dizkiote galderak? Gipuzkoa Aurrera izeneko lobby-ari. Gure ustez lobby hori hautsi egin behar da, kendu behar da. Gipuzkoako gizartearen topagunea eraiki behar da, herrialdearen etorkizuna definitzeko eta erabakiak hartzeko. Askotan, Batzar Nagusietara erabakiak hartuta egongo balira bezala doaz fronte horretakoak, ‘Gipuzkoa Aurrerak hala esan duelako eta Gipuzkoarako onak direlako erabakiak’, haien arabera. Dinamika hori hautsi egin behar da. Azken finean, eta munduan ematen diren mugimenduak ikusita, erabakiak herritarrek hartzen dituztela garbi dago.
Oarso Bidasoari dagokionez, lurraldea azpiegituraz saturatuta dago. Gainera, krisi ekonomikoak ezbaian jarri du azpiegitura berriak aurrera eraman ahal izatea, Pasaiako kanpo kaia kasu. Kanpo kaia ez dugu nahi; egungoa baliatu behar da, Pasaia birgaituz, eta esaterako txatarra bertatik ateraz. Bilboko portuarekin uztartu dezake jarduera Pasaiakoak.
Bildu azkenean hauteskundeetan egongo da. Nola bizi izan dituzue koalizioaren inguruan sortu direnak?
Kezka handiarekin, gaizki, baina itxaropenarekin. Konstituzionalak erabakia hartu zuen gauean irratiari lotuta egon ginen, eta erabakia jakinarazi zutenean, poztu ginen. Ezker abertzale ofizialak bere hausnarketak eginak zituen, denok onartu ditugunak gainera, eta berriz ere ilegalizazioen gaiarekin aurkitzea oso gogorra izan da. Horrek guztiak arduradun nagusia dauka: Alderdien Legea. Oraindik arazoa da lege hori, esaterako, Batasuna legez kanpo dagoelako. Baina hauteskunde hauetan aukera guztiak bozkatzeko aukera egongo den arren, proiektu guztiak ez dira legalak. PSOEk eta PPk legedi hori atzera bota behar dute.
Azken urteetan, eta Aralar sortu zenetik, ezin izan dugu ezker abertzale ofizialarekin hauteskunde konfrontazio zuzenik izan. Orain, bi egitasmoen artean konfrontazioa izango dugulako, ikusi behar dugu herritarrek zer erabakiko duten. Horrez gain sortu behar dira bestelako gehiengoak Gipuzkoako erakunde askotan. Gipuzkoako herritarren gehiengoak zer pentsatzen zuen jakin gabe erabaki asko hartu dira.
Bildu azkenean hauteskundeetan dagoelako, esparru bereko botoen bila bi alderdi zaudete. Hau da, ezkertiar eta subiranistak diren bi aukera bozkatzeko aukera dituzte herritarrek.
Argi dagoena da abertzaleen barruan bi esparru soziologiko handi daudela. Eskuina plurala den bezala, ezkerra ere anitza da. Bilduren barruan, ezker abertzale ofizialaz gain, beste kultura politiko batzuetatik datozen alderdiak daude. Guretzako egun bi egitasmoak elkarrekin lehian aritzea positiboa da, eta agian, etorkizunean, normalizazioak eta bakeak aurrera egiten duten bitartean, elkar topatuko gara. Elgetan edo Bergaran, adibidez, elkarlan hori posible izan da. Gipuzkoan ere elkarlan hori posible izan daiteke, baina hori herritarren esku dago.