Lander Garro: “Hogeita zortzi urte eta gero”
Lander Garro. Errenteria-Orereta. Demokraziaren ustezko bertuteen artean, beti aipatzen da alternantzia, hau da, agintarien arteko txandaketa. Orain zu, orain ni, guztiok demokrazia zale bagara. Egia da, bai, herriaren agintean oinarritzen den sistema honetan, itsusi samarra dela beti berberek agintzea. Ustel usaina hartzen dute erakundeek, ezinbestean. Gure herrian horixe gertatzen da aspalditik. Esan genezakeen gure udala lokaztuta dagoela guztiz, baina are larriagoa da, zinez ez baitakigu gure udala nola dagoen, lokatzez edo lastoz beteta, horrenbeste urte baitira inork ez duela etxe horretan burua sartu, ez bada agintean 28 daramatzatenek. Udala herriaren erdi aldean eraikitako gaztelu zaharra da, zeinak ezer ez dakien gazteluaren kanpoaldean gertatzen denaz. Erreinu itxura hartu du, bere giltzarrapo eta guzti. Zer gertatzen da han barruan: auskalo. Ez naiz bestelako gauzen balantzea egiten hasiko, ez du merezi. Zer eman digu udal honek? Zergak ordaintzeko agindua, besterik ez. Horretan iaioak eta azkarrak dira. Nekez ahaztuko ditugu San Tomas Feriari emandako 300 euro haiek, ‘laguntza’ omen zirenak, edota Madalen Jaietan musika (lau egunetako) kontzertuak antolatzeko ematen dituzten 6.000 euroak ere. Euskal Herria den maparen barruan, ezerezean galduta dagoen herria da geurea, inorentzat inolako erakargarritasunik ez duena, xarma oro bidean ahaztu duena, hesituta, mutututa, ezgauz, urri, ertain, kolorge dagoena. Udalaren errua ote [...]
Lander Garro. Errenteria-Orereta.
Demokraziaren ustezko bertuteen artean, beti aipatzen da alternantzia, hau da, agintarien arteko txandaketa. Orain zu, orain ni, guztiok demokrazia zale bagara. Egia da, bai, herriaren agintean oinarritzen den sistema honetan, itsusi samarra dela beti berberek agintzea. Ustel usaina hartzen dute erakundeek, ezinbestean.
Gure herrian horixe gertatzen da aspalditik. Esan genezakeen gure udala lokaztuta dagoela guztiz, baina are larriagoa da, zinez ez baitakigu gure udala nola dagoen, lokatzez edo lastoz beteta, horrenbeste urte baitira inork ez duela etxe horretan burua sartu, ez bada agintean 28 daramatzatenek. Udala herriaren erdi aldean eraikitako gaztelu zaharra da, zeinak ezer ez dakien gazteluaren kanpoaldean gertatzen denaz. Erreinu itxura hartu du, bere giltzarrapo eta guzti.
Zer gertatzen da han barruan: auskalo. Ez naiz bestelako gauzen balantzea egiten hasiko, ez du merezi. Zer eman digu udal honek? Zergak ordaintzeko agindua, besterik ez. Horretan iaioak eta azkarrak dira. Nekez ahaztuko ditugu San Tomas Feriari emandako 300 euro haiek, ‘laguntza’ omen zirenak, edota Madalen Jaietan musika (lau egunetako) kontzertuak antolatzeko ematen dituzten 6.000 euroak ere. Euskal Herria den maparen barruan, ezerezean galduta dagoen herria da geurea, inorentzat inolako erakargarritasunik ez duena, xarma oro bidean ahaztu duena, hesituta, mutututa, ezgauz, urri, ertain, kolorge dagoena. Udalaren errua ote da guztia? Ezin esan: gaztelu barruan bizi dira, ez dira ezertaz jabetu. Ez ditut aipatuko porlanaren omenez xahututako milioi zaku guztiak, Añabitarte aldean eginiko sarraskiak, edota inork inoiz erabiliko ez dituen bidegorri zati galdu horiek guztiak, han eta hemen zentzurik gabe jarriak. Luze joko ninduke.
Asko eta askotan ikusi ditugu PSE-EEren agintari guztiak, denek jakin dute nabarmentzen eta prentsa euren mesedean erabiltzen. Gurrutxaga zaharra, gogoratuko duzue, bai ala bai balkoian piper-potoa zintzilikatzen tematu zen hura, eta katramila konpontzeko kalez jantzitako hiltzaileak ekarri zituena, festa egitera ateratako guztien bizkarrak kolpatzeko, festa zapuztu arte. Buen etorri zen gero, Zaragozan jaiotako arrotz hura, herabe hasieran eta handiki amaieran, lur berdea porlan bilakatzen azti bilakatu zena. Eta Merino azkenik, bere alderdikideekin ere ongi moldatzen asmatu ez duena, gizon ilun iheskorra, petraltzen entzuten baino hobe dakiela behin eta berriro erakutsi diguna; Errumaniaren aldeko zera guztietan galduegi ibili dena, auskalo zein azpijokotan.
28 urte dira, nahikotxo, eta bada garaia zerbait aldatzeko. Abertzaleok daukagu giltza, eta badakigu, ederki jakin ere, zein den alternatiba: Bildu koalizioa. Ez da gure alderdia, baina haien baitan habi egiten asmatu dute, eta ilusio horrekin erantzun behar genieke. Datozen hauteskundeetan Bilduri botoa ez ematea, zuzen-zuzenean Juan Carlos Merinori ematea izango da. Ez Hamaikabat, ez Aralar, ez Ezker Batua, ez inor, ez da gai izango PSE-EEren aurrean benetako alternatiba osatzeko. Haiei botoa ematea, PSE-EE boterean ikusteko bide onena izango da. Ikusi beharko da, bestetik, zein jarrera hartuko duen EAJk, zinegotzi bat edo bi lortzeko potentziala izanik, euren esku egon daitekeelako Alkatetza abertzaleei ematea. Azken 28 urteetan PSE-EErekin orpoz orpo ibili dira, euren eskuetatik janez. Batek daki zeren truke, ez baitute begibistako ezer ere irabazi (ezta herritarrek ere). Orain dute aukera, inoiz ez bezalakoa, hautesleei erakusteko haiek ere abertzale direla. Ea hala den.