Taxi-bus zerbitzua hobetzeko hitzarmena onartu du udalbatzarrak
Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoetan eskaintzen den taxi-bus zerbitzua egokitzeko Udalak eta Oiartzungo Taxilarien Elkarteak egin duten hitzarmena onartu zuen atzo ahobatez udalbatzarrak. Aitor Etxeberria alkateak azaldu duenez, “taxi-bus zerbitzua zaharkitua gelditu da eta bultzada berria behar du”. Honela, herri barruko garraio publikoak zentzu osoa izango du, taxi-bus zerbitzua eta Xorrola osagarriak izango baitira. Taxi-busak, aurrerantzean, Xorrolaren egutegi bera izango du (astelehenetik ostiralera) eta prezio bera (0,50 €). Gainera, egunean bidaia gehiago egingo ditu: zortzi. Gurutzera doan bidaia Legarretik egingo du taxi-busak, eremuko mugikortasun arazoak konpondu artean bizilagunei doako zerbitzua eskainiz. Era berean, herriko taxistek zerbitzua eskaintzeko zazpi lagunentzako tokia duen ibilgailu egokitua erabiliko dute. Egindako hobekuntzekin taxi-bus zerbitzuaren erabilera gehituko dela espero du Udalak. Olaldeko babes ofizialeko etxebizitza batzuk gaixo psikikoentzako Ugaldetxoko Atamitx eremuko arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartu zen atzo, Gobernu Taldearen aldeko zazpi botoekin eta OBren kontrako hirurekin. Edozer eraikitzen hasi aurretik, Ura Agentziaren irizpideak errespetatu beharko direla zehaztu zuen onarpenak, uholdeak saihesteko. Pavel Viñas Planeamendu zinegotziak gogora ekarri zituen eremu honen garapenarekin Ugaldetxok lortuko dituen onurak: “Auzoaren bi zatiak lotzea lortuko dugu, 1.800 metro koadroko lokala auzotarrentzat, bidegorriaren trazatu berria egiteko aukera, gaur egun dagoen bidegurutzea saihestea… Aportazio ona da”. Altzibarko Olalde eremuan eraikiko diren [...]
Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoetan eskaintzen den taxi-bus zerbitzua egokitzeko Udalak eta Oiartzungo Taxilarien Elkarteak egin duten hitzarmena onartu zuen atzo ahobatez udalbatzarrak. Aitor Etxeberria alkateak azaldu duenez, “taxi-bus zerbitzua zaharkitua gelditu da eta bultzada berria behar du”.
Honela, herri barruko garraio publikoak zentzu osoa izango du, taxi-bus zerbitzua eta Xorrola osagarriak izango baitira. Taxi-busak, aurrerantzean, Xorrolaren egutegi bera izango du (astelehenetik ostiralera) eta prezio bera (0,50 €). Gainera, egunean bidaia gehiago egingo ditu: zortzi. Gurutzera doan bidaia Legarretik egingo du taxi-busak, eremuko mugikortasun arazoak konpondu artean bizilagunei doako zerbitzua eskainiz. Era berean, herriko taxistek zerbitzua eskaintzeko zazpi lagunentzako tokia duen ibilgailu egokitua erabiliko dute.
Egindako hobekuntzekin taxi-bus zerbitzuaren erabilera gehituko dela espero du Udalak.
Olaldeko babes ofizialeko etxebizitza batzuk gaixo psikikoentzako
Ugaldetxoko Atamitx eremuko arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartu zen atzo, Gobernu Taldearen aldeko zazpi botoekin eta OBren kontrako hirurekin. Edozer eraikitzen hasi aurretik, Ura Agentziaren irizpideak errespetatu beharko direla zehaztu zuen onarpenak, uholdeak saihesteko. Pavel Viñas Planeamendu zinegotziak gogora ekarri zituen eremu honen garapenarekin Ugaldetxok lortuko dituen onurak: “Auzoaren bi zatiak lotzea lortuko dugu, 1.800 metro koadroko lokala auzotarrentzat, bidegorriaren trazatu berria egiteko aukera, gaur egun dagoen bidegurutzea saihestea… Aportazio ona da”.
Altzibarko Olalde eremuan eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzen esleipenerako oinarriei berri bat gehitu zitzaion atzoko udalbatzarrean. Honela, Arraztalo Elkarteak egindako eskaeraren zenbait proposamen bere egin ditu Udalak. Zozkatuko diren babes ofizialeko lau etxebizitza gaixot psikiko oiartzuarrentzako jasoko dira. “Ez badago lau etxeak betetzeko adina eskaera, kupo orokorrean zozkatuko dira”, azaldu zuen Etxeberriak. Lehenengo aldia da Oiartzunen babes ofizialeko etxebizitza kopuru bat gaixo psikikoentzako gordeko dena, “beraz, hurrengo promozioetan nola jokatu jakiteko, ikusi egin beharko da zer nolako eskaera dagoen”, gehitu zuen alkateak.
Dorretxea erabiltzeko bost urterako hitzarmenak
Dorretxea erabiltzeko zesioak ere onartu ziren ahobatez: Bertso Eskolari, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearen Kuadrillategi egitasmoari, Helduen Tailerrei eta Killirikupe Emakume Taldeari utziko zaie Dorretxea erabiltzen, euren jarduerak aurrera eramateko. Talde bakoitzarekin hitzarmena egin da, bost urterako.
Oiartzun Kirol Elkartearekin (OKE) ere hitzarmena egin da, Ugaldetxon dauden Karla Lekuona kirol instalakuntzak erabiltzeko baimena emanez sei urterako. Era berean, OKE elkartea herri onurako izendatu zuen udalbatzarrak, ahobatez.
Era berean, Arditurriko sarrera dagoen Ursoroetako etxola Arkeolan eta Artelatzi lau urterako uztea ere onartu zen, Arditurriko meategietan egiten dituzten lanak egin bitartean erabil dezaten.
Euskal Fondoari ekarpena egingo zaio Nikaraguan eta El Salvadorren proiektuak garatzeko
Euskal Fondoari 37.000 euroko ekarpena egingo dio Oiartzungo Udalak aurten, El Salvadorren eta Nikaraguan bi proiektu garatzen laguntzeko. Oarsoaldea Garapen Agentziari Udalak egingo dion ekarpena ere onartu zuten udalbatzarrean zeuden hamar zinegotziek: 360.000 euro inguru izango da.
Era berean, Ibargain Musika Eskolako ikasle oiartzuarrek hurrengo urtean ere bekak jaso ahal izateko oinarriak onartu zituen udalbatzarrak. Eusko Jaurlaritzak unibertsitate ikasketak egiteko erabiltzen duen beka sistemaren oinarri berak bete beharko dira Udalaren laguntza jasotzeko.