“Kaosa Pasaiako Portuko antolakuntzan”
Pasaiako portuan egoera larria bizi dugu langileen eskubideei dagokionez. Batetik, portua Gipuzkoako ekonomiarako ezinbestekoa dela helarazten zaio prentsari, eta horregatik kanpo kaia eraikitzeko ehunka milioi euro inbertitu behar direla esaten da. Bestetik, hemen lan egiten dugunon lan baldintza eta baldintza ekonomikoak balizko errendimendu horren guztiz kontrako norabidean doaz. Miguel Buen presidente izan den 20 hilabetetan, Portua egungo kokapenean ez dela bideragarria entzun dugu etengabe hedabideetan. Horretan dirutza xahutu du, diru publikoa noski, aurreproiektuetan, azterketetan eta propagandan, guztiak kaia kanpora eraman behar dela justifikatzeko. Bien bitartean, kaiak husten ari dira, eta krisiari egozten zaio egoera, baina ez dute inongo ahaleginik egin trafiko berriak erakartzeko. Horrez gain, portua desegiteari ekin diote, Jaizkibelen eraikitzeko baimen bat ere eskuan izan gabe. Hitzarmen elektoralistetatik haratago, Espainiako Ingurumen Ministerioarentzako Jaizkibelgo proiektuak ez du justifikazio ekonomikorik ez eta ekologikorik ere, eta aipatu erakundeari dagokio proiektua gauzatzeko behin betiko baimenak ematea. Pasaiako Portu Agintaritzako langileak urte batzuetatik hona erosteko ahalmena galtzen ari gara iraunkorki. Interes Orokorreko Portua izanagatik, eta Madrilgo erabakien menpe egoteagatik erabat, sektore publikoaren murrizketak ezarri zaizkigu. Azkena eta larriena “dekretazoa” delakoa izan da. Honen eraginez gure soldataren %5 deskontatzen digute 2010eko ekainaz geroztik. Adibide bat jartzeagatik: une hauetan hogei urteko antzinatasuna duen lehen mailako ofizial [...]
Pasaiako portuan egoera larria bizi dugu langileen eskubideei dagokionez. Batetik, portua Gipuzkoako ekonomiarako ezinbestekoa dela helarazten zaio prentsari, eta horregatik kanpo kaia eraikitzeko ehunka milioi euro inbertitu behar direla esaten da. Bestetik, hemen lan egiten dugunon lan baldintza eta baldintza ekonomikoak balizko errendimendu horren guztiz kontrako norabidean doaz.
Miguel Buen presidente izan den 20 hilabetetan, Portua egungo kokapenean ez dela bideragarria entzun dugu etengabe hedabideetan. Horretan dirutza xahutu du, diru publikoa noski, aurreproiektuetan, azterketetan eta propagandan, guztiak kaia kanpora eraman behar dela justifikatzeko. Bien bitartean, kaiak husten ari dira, eta krisiari egozten zaio egoera, baina ez dute inongo ahaleginik egin trafiko berriak erakartzeko. Horrez gain, portua desegiteari ekin diote, Jaizkibelen eraikitzeko baimen bat ere eskuan izan gabe. Hitzarmen elektoralistetatik haratago, Espainiako Ingurumen Ministerioarentzako Jaizkibelgo proiektuak ez du justifikazio ekonomikorik ez eta ekologikorik ere, eta aipatu erakundeari dagokio proiektua gauzatzeko behin betiko baimenak ematea.
Pasaiako Portu Agintaritzako langileak urte batzuetatik hona erosteko ahalmena galtzen ari gara iraunkorki. Interes Orokorreko Portua izanagatik, eta Madrilgo erabakien menpe egoteagatik erabat, sektore publikoaren murrizketak ezarri zaizkigu. Azkena eta larriena “dekretazoa” delakoa izan da. Honen eraginez gure soldataren %5 deskontatzen digute 2010eko ekainaz geroztik. Adibide bat jartzeagatik: une hauetan hogei urteko antzinatasuna duen lehen mailako ofizial batek 1.200 euro baino pixka bat gehiago irabazten ari da. Soldatak izoztu dizkigute hurrengo erreforma bitartean, zalantzarik gabe sektore publikoarekin grinatuko den erreforma.
Pasaiako Portu Agintaritzan 300 lagunek lan egiten genuen orain dela urte batzuk. Gaur egun 140 langile gara, finkoak eta ebentualak batuta. Zerbitzuen etengabeko pribatizazioa (garabiak, baskulak, garbiketa, dragatua, arrastea, zerbitzu medikoa) langileria egokitzera behartu zuen, eta gaur egun langileak ez dira gai mantenutik, zaintzatik, eta ustiaketatik eratortzen den lan guztiari erantzuteko.
Azken hiru bajen ondoren, disimulatzeko saiakera egiten dute behin behineko langileak kontratatzen, finkoak bihurtzen ez diren kontratuak, enpresa planak berak langileen beharra aitortzen duen arren. Gipuzkoako Aldundirako hautagaitzatik enplegu publikoa sustatuko duela agindu duen Miguel Buenek, bere agintaldia bitartean, ez da lanpostu finko bakar bat ere sortu lan itunaren pean dagoen langilerian. Hori bai, Madrilek goi karguentzako plaza finko bat baimentzea lortu zuen, eta kasualitatez, plaza bere alderdiko Donostiako zerrendetan doan bati adjudikatu zaio.
Egoera honek kaosa eragiten ari da antolakuntzan. Azaltzeko zaila da gainkarga dago hainbat alorretan, eta horrek gero eta begi bistakoagoa den ondoeza eragiten ari da langileen osasunarengan, segurtasun eza bere lanpostuetan, eta horrez gain, dagokiena baino gutxiago kobratzen ari dira.
Honen guztiaren kontra, astero egin ditugu mobilizazioak iazko irailaz geroztik, (Bertan behera utzi dugun neurria presidente berriari borondate ona erakusteko asmoz).
LABen Pasaiako portuak badia barruan etorkizuna duela uste dugu. Biziberritzeak jarduerak berriro antolatzeko aukera ekarriko duela espero dugu, inguruko Udalekin dauden gatazka guneak adostuz. Milioien inbertsioa norabide horretan bideratu behar da, azpiegitura hobetzen eta modernizatzen, Pasaiako badiak babesleku gisa eskaintzen dituen baldintza ezin hobeak baliatuz, trafiko iraunkorrak erakartzeko. Eginkizun honetarako Lucio Hernando presidente berriak (hirugarren bost urtean) bere esanetara izango gaitu, baina gogorarazi nahi diogu ezin dela aurrera eraman kudeaketa eraginkor eta lehiakorra gaizki ordaindutako eta minimoen azpitik dagoen langileriarekin.
Azkenik, uste dugu portu honen urterik oparoenak lan ituna negoziatu zirenekoak izan zirela. Portu honen etorkizuna ezin du Madrilen esku egon. Portuaren jarduerak Oarsoaldearen, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren garapen ekonomikoari eta industrialari lotuta egon behar du. Horretarako gizarte eta politika arloko erabaki estrategikoak lurraldean bertan hartu behar dira eta ez langileen eta euskaldunen kontrako Espainiako gobernuan.
Joxeramon Zapirain
LABeko Portuko ordezkaria
