“Bazterketarik gabeko” erronda egin ari da Errenteria-Oreretako Bildu
Hilaren 11n eratuko dira Oarsoaldeko eta Bidasoko Udalbatzak. Zentzu horretan, punturik interesgarrienetakoa Errenteria-Oreretan dago, 28 urteren ondoren PSE-EEren hegemonia hautsi zuelako maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bildu koalizioak. Hala, Bilduko...
Hilaren 11n eratuko dira Oarsoaldeko eta Bidasoko Udalbatzak. Zentzu horretan, punturik interesgarrienetakoa Errenteria-Oreretan dago, 28 urteren ondoren PSE-EEren hegemonia hautsi zuelako maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bildu koalizioak. Hala, Bildukoek jakinarazi dute alkatearen izendapenari begira “bazterketarik gabeko” erronda egiten ari direla ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin, “herritarrek eskatutako aldaketa ahalik eta modurik eraginkorrenean egin dadin”.
Bide batez, errenteriarrak zoriondu ditu Bilduk, “6.301 herritarren babesa” jaso dutelako, udal hauteskundeetako zerrenda bozkatuena izanik: “Errenteriarrek aldaketaren aldeko apustu garbia egin dute eta datozen lau urteotan Udaletik zeregin horretan buru-belarri lanean ariko gara. Herria guztiekin eta guztiontzat gobernatzea da gure asmoa, udaletxeko ateak guztiei irekiz eta parte hartzea sustatuz”.
PSE-EEren proposamena EAJri
PSE-EEk eta EAJk batzarra egin zuten atzo Bilbon. PSE-EEtik Jakinarazi zutenez, atzoko bileran eskaintza zehatza egin ziten sozialistek jeltzaleei: EAJ lehenengo indarra den erakundeetan babesa emango dio PSE-EEk, baldin eta EAJk Donostiako, Andoaingo eta Errenteriako udaletan hautagai sozialistaren alde bozkatzen badu. Gipuzkoako hiru udal horietan Bildu izan da zerrendarik bozkatuena. EAJrekin ituna egiteko hiru alkatetza horiek babestea nahitaezko baldintza da sozialistentzat, sozialisten arabera. Proposamen horri jeltzaleek ez diote erantzunik eman, PSE-EEk azaldutakoaren arabera.
