Irun gazteen kolorez bete zenekoa
Gazteek demokrazia sortu berriarekin jaso zuten desengainua, 1980ko hamarkadako krisi ekonomikoa, heroina xiringak kaleetako bazterretan, Kortaturen ska doinuak, Irungo Moskun bor-bor zegoen gazte mugimendua… Testuinguru horretan sortu zuten, 1986. urtean, Irungo Gazte Asanblada (IGA). Ordutik gaur arte gora-behera handiak izan ditu Irungo gizarteak, eta ondorioz, gazteen mugimenduak. Horiek guztiak bildu ditu Lakaxita gaztetxeak Irungo okupazio mugimendua liburuan. Mariano Zialdoka-ren testuak eta argazki artxiboa baliatuz egin dute liburua. «Marianok ez luke bere izen osoa inon agertzerik nahiko. Protagonismoetatik alde egiten du», dio Iune Trecetek, Lakaxitako asanbladako kideak eta liburuaren editoreak. Zialdokaren testuak ere euskaratu ditu Trecetek: «Irunen elebitan izan behar dute horrelakoek…». IGAn hasieratik izan da Zialdoka. Berak ezagutzen du inork baino hobeto hiriko gazteriaren bilakaera zein izan den. Kalea berreskuratu IGAren historia nonbait agertzeko nahia izan zuten Lakaxitako kideek. Horregatik argitaratu dute liburua eta maiatzaren 21ean aurkeztu zuten. 1980ko hamarkadan kalea berreskuratzeko ahalegina egin zuten Irungo gazteek, eta Irungo Udalak gazteentzako zerbait egitea ere nahi zuten, «kaleak kolorez bete nahi zituzten, Gure historia beti itzalean egon da, baina ezagutarazteko ordua da», dio Trecetek. Gazte koadrila batek sortu zuen IGA, eta pixkanaka handituz joan zen, eta ekimenak biderkatu ziren. Bi IGA izateraino iritsi ziren. Ez zuten lokalik, ordea. Gaztetxea behar zuten. [...]
Gazteek demokrazia sortu berriarekin jaso zuten desengainua, 1980ko hamarkadako krisi ekonomikoa, heroina xiringak kaleetako bazterretan, Kortaturen ska doinuak, Irungo Moskun bor-bor zegoen gazte mugimendua… Testuinguru horretan sortu zuten, 1986. urtean, Irungo Gazte Asanblada (IGA). Ordutik gaur arte gora-behera handiak izan ditu Irungo gizarteak, eta ondorioz, gazteen mugimenduak. Horiek guztiak bildu ditu Lakaxita gaztetxeak Irungo okupazio mugimendua liburuan.
Mariano Zialdoka-ren testuak eta argazki artxiboa baliatuz egin dute liburua. «Marianok ez luke bere izen osoa inon agertzerik nahiko. Protagonismoetatik alde egiten du», dio Iune Trecetek, Lakaxitako asanbladako kideak eta liburuaren editoreak. Zialdokaren testuak ere euskaratu ditu Trecetek: «Irunen elebitan izan behar dute horrelakoek…». IGAn hasieratik izan da Zialdoka. Berak ezagutzen du inork baino hobeto hiriko gazteriaren bilakaera zein izan den.
Kalea berreskuratu
IGAren historia nonbait agertzeko nahia izan zuten Lakaxitako kideek. Horregatik argitaratu dute liburua eta maiatzaren 21ean aurkeztu zuten. 1980ko hamarkadan kalea berreskuratzeko ahalegina egin zuten Irungo gazteek, eta Irungo Udalak gazteentzako zerbait egitea ere nahi zuten, «kaleak kolorez bete nahi zituzten, Gure historia beti itzalean egon da, baina ezagutarazteko ordua da», dio Trecetek.
Gazte koadrila batek sortu zuen IGA, eta pixkanaka handituz joan zen, eta ekimenak biderkatu ziren. Bi IGA izateraino iritsi ziren. Ez zuten lokalik, ordea. Gaztetxea behar zuten.
1995ean Irungo pospolo fabrika okupatu zuten gazteek. Gazte asko bildu ziren bertan, eta Treceten arabera, 100 gaztek parte hartzen zuten bertan egiten zituzten asanbladetan. «Beste era bateko borroka egiten zuten gazte horiek, koloretsuagoa eta jaiarekin lotuagoa. Horrela sortu zuten Jaion. Egun oraindik egiten da, eta kaleak gureak direla esateko ekimena da, koloretsua, aldarrikapenez josita».
Gazteak Bizirik, eta Lakaxita
1990ko hamarkadako mugimendu horrek beheraldia izan zuen. «Baina milurteko berriarekin, eta Irungo gazteak lokaletatik ateratzeko helburuarekin, Gazteak Bizirik egitasmoa sortu genuen. Jaion berreskuratu genuen, eta bigarren Jaionean Lakaxita okupatu genuen», azaldu du Iune Trecetek.
Ordutik bide luzea eta oparoa egin du Lakaxitak. Burutu dituzten ekimenez gain –tailerrak, hitzaldiak, zinema emanaldiak, kontzertuak, jardunaldiak…–, Irungo zenbait talderen bilgune da gaztetxea. IGAk kudeatzen du gaztetxea, baina bertan, AHT Gelditu!, Bilgune Feminista, eta Irungo Antifaxistak taldeek dute egoitza. «Mugan dagoelako herri arraroa da Irun. Beti hiriko beste kontu batzuetaz hitz egin da. Baina gu hemen gaude, eta lanean jarraitzeko asmoa dugu», jakinarazi du Trecetek.
Nostalgia
Irungo okupazio mugimendua liburuan egun hain gazteak ez diren askok 1980ko hamarkadako Irun nolakoa zen gogoratuko dute. Nostalgia ikutua ere badu lanak, garai haietan hirian gazte mugimendua bizi-bizirik zegoelako. Baina Iune Trecetek garbi du egungo gazteentzako mugarri izan daitekeela liburua, «Irun ez delako beti izan hedabideetan agertu den bezalakoa. Bertan bagaude gazteak hiria kolorez bete nahi dugunak. Horretan jarraituko dugu».
FITXA
Liburuaren izena. Irungo okupazio mugimendua.
Argitaratzailea. Irungo Lakaxita gaztetxea (2011).
Orrialdeak. 80, 40 euskaraz eta 40 gazteleraz.
Prezioa. Hiru euro. Lakaxitan eta Hazia, Sunbilla eta Kabigorri tabernetan eros daiteke. Laster Lakaxitaren webgunetik
jaitsi ahal izango da.

