Aurten ere bi alarde
07:40ean atera da Irunen sanmartzialetako lehen alardea: Alarde Tradizionala, hain zuzen. 10:10ean irtengo da da bestea: Alarde Parekidea —emakumeek ere osatutakoa—. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Alarde Parekidean parte hartuko du, taldear...
07:40ean atera da Irunen sanmartzialetako lehen alardea: Alarde Tradizionala, hain zuzen. 10:10ean irtengo da da bestea: Alarde Parekidea —emakumeek ere osatutakoa—.
Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Alarde Parekidean parte hartuko du, taldeari babesa emateko eta haien parte hartzea errazteko asmoz, hark atzo esan zuenez.
“Oztopoak gainditzeko lan egiteko beharra daukate erakundeek”, Silvestreren arabera; alardean, esaterako, “emakumeek gizonekiko berdintasun egoera bera izan dezaten”. Aitortu du “tradizioak herrien kohesio sozialean funtsezkoak” direla, baina “garai berrietara egokitu behar dira”.
Aralarrek ere jakinarazi du Alarde Parekidearen alde egongo dela Irunen, “berdintasunaren alde lanean ari diren emakumeak eta gizonak babesten”. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea eta Marisol Taberna Berako alkatea izango dira han.
Alderdi politiko gehiagotako ordezkariak ere izango dira Alarde Parekideari atxikimendua erakusteko. EAtik, esaterako, “berdintasun eskubidea defendatzearen” garrantziaz ohartarazi dute, eta Lohitzune Txarola egungo Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, beste hainbat alderdikideren artean han izango dela jakinarazi dute. Era berean, Alternatibak ere, alarde “publiko, parte hartzaile eta bazterketarik gabekoaren” aldeko mezua agerian uzteko, Irunerako deia egin du. “Bazterketarik gabeko jaiak” xede hartuta gizonak eta andreak parez pare tratatzearen aldeko mezua zabaldu du.