Maltako judo txapelketan ez dute paper ona bete eskualdeko judokek
Pasa den asteburuan jokatu zituzten Cottoneran (Malta) Kadete Mailako Europako Judo Txapelketa. Usurbil Judo Taldeko Xabier Cazorla lezoarrak eta Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko Enara Sagarzazuk eta Lidia Yarzak hartu zuten parte bertan, Espainiako Judo Federazioak eraman zuen talderako hautatu zituztelako.
Ez zuten ohorezko postuetan sartzeko aukerarik izan. Xabier Cazorlak 66 kiloz azpiko kategorian lehiatu zen, eta ezin izan zuen lehenengo borrokaldia gainditu. Evgeniy Sholos israeldarrak gainditu zuen. Guztira 27 judokek hartu zuten parte kategoria horretan.
Lidia Yarzak ezta ezin izan zuen garaipenik lortu. 70 kiloz gaineko kategorian Jelizaveta Kalanina ukrainarrak gainditu zuen. Bigarren aukera izan zuen Ama Guadalupekoa taldeko judokak, baina Kristina Usova errusiarraren kontra galdu zuen. Yarzak txapelketan izan zituen bi arerioak bigarren aukera izan zutenen txapeldunak izan ziren, eta brontzezko domina jaso zuten errusiarrak eta ukrainarrak. Horregatik, zazpigarren postuan gelditu zen Yarza.
Sagarzazuk, garaipen bat
Enara Sagarzazuk 63 kiloz azpiko kategorian hartu zuen parte. Lehenengo borrokaldia irabazi zuen, Sandra Lickun poloniarraren kontra. Bigarren borrokaldian, berriz, Diana Dhizgaros errusiarrak gainditu zuen Sagarzazu.
Errepeska ere jokatu zuen Ama Guadalupekoa taldeko judokak. Marina Erjatovitx bielorrusiarraren kontra galdu zuen. Zazpigarren izan zen.