Arraun liga guztietako estropadak, asteburuan
San Miguel Ligako bi estropada puntuagarri jokoan izango dituzte Hondarribiak, San Pedrok eta San Juanek. Lehena bihar izango da Camargon (Kantabria), 18:00etatik aurrera. Liga horretako hirugarren estropada bada ere, puntuak banatuko dituen lehena izango da, aurreko biak, Bordelekoak, ez zirelako egin –horietako lehena ez zen puntuagarria–.
Hala, herenegun egin zuten Camargoko estropadaren txanden zozketa. San Pedrok lehen txandan parte hartuko du Kaikurekin, Camargorekin eta Tiranekin batera. Bigarrenean bat egingo dute San Juanek eta Hondarribik, Orio eta Astillero txanda berean izango direlarik. Hirugarren eta azken txanda Urdaibaik, Castrok, Zumaiak eta Pedreñak osatuko dute.
Oarso Bidasoko traineruei egokitu zaizkien txandek itxura ona dute. San Pedroren txandan kontrario oso indartsu bat (Kaiku) dago, eta aldi berean San Pedroren maila beretsuan ibili daitezkeen Camargo eta Tiranekin lehiatzea onuragarria izan daiteke Gabi Larrinagaren mutilentzat.
Hondarribiak eta San Juanek boga egingo duten txanda oso paretsua da. Lauek ligaren goialdean egoteko asmoa dute, beraz, txanda oso lehiatua izango da.
San Miguel Ligako asteburuko bigarren estropada Bilbon egingo dute, etzi: EuskoTren Ligako estropadaren ondoren hasiko da, eta banaka aterako dira traineruak, erlojupekoan.
Traineru Kluben Elkartearen (TKE) EuskoTren Ligako bi estropada ere egingo dituzte emakumeek asteburuan. Bihar, Camargokoan, (gizonen estropadaren ondoren egingo dute) Zumaiak, Galiziak eta Oriok parte hartuko dute. Etzi, Bilbokoan (12:00etan hasiko da, erlojupekoa da), San Juan, Hondarribia, Bizkaia eta Getaria-Tolosa egongo dira.
KAE1 eta KAE2 KAE1 Ligan, Hondarribia Bk erronka bikoitza izango du asteburuan: bihar Portugaleteko banderan boga egingo dute berdeek, 16:30etik aurrera; etzi, Santurtzin izango dira lehian, 17:30ean hasita. Bizkaiko traineruek, Portugaletek batez ere, oso ondartsu hasi dute Kantauriko bigarren liga, baina berdeak nagusitasun horri aurre egiten saiatuko dira Bizkaian bertan.
KAE2 Ligako ordezkariek estropada bakarra izango dute asteburuan. Etzi izango da, Donibane Lohizunen (Lapurdi), 11:30etik aurrera. Trintxerpe-Illunbe, San Pedro B eta Hibaika dira Oarso Bidasoko ordezkariak liga horretan.
