Ezin hobe pasatzeko aitzakiarik ez dute behobiarrek auzoko festetan
Gaur hasiko dira ofizialki Behobia auzoko jaiak, San Inazio Jaiak, 18:55ean, suziriaren jaurtiketarekin; ondoren haurren danborradak emango du festen hasieraren abisua, auzoko kaleetan zehar (ikus egitaraua Nabarmenak atalean). Nolanahi ere, behobiarrek ez dute itxaron nahi izan, eta atzodanik murgildu dira festa giroan. Haur eta gazteentzako margo eta toka lehiaketak, helduentzako mus eta barraskilo txapelketak, eta 4 urte bitartekoentzako plastikozko motorren lasterketa dira atzo egin zituztenetako batzuk. Hiri eta auzo guztietako festak ondo pasatzeko egiten dira, baina Behobian, «Behobiako errepublika independentean» Jai Batzordekoek dioten bezala, zeregin horretan munduko aurreratuenak izaten saiatzen dira. Egitarauko zatirik handiena irudimen handiko ekitaldiek hartzen dute, auzotarren arteko harremanak estutu eta lehertzeraino barre egitea helburu dutenak. Horrek ez du esan nahi sutsuki elkar lehiatuko ez direnik, esaterako emakumezkoen toka eta hiruko jaurtiketen lehiaketetan (gaur), patata tortilla txapelketan, zerbitzari lasterketan eta barraskilo-biltze lehian (bihar), edota igandeko herri kirol desafioa handian, umorezko tourrean eta ohol lasterketan. Musika giroa uneoro Musika giroa ere ez da faltako atzo hasi eta igandera arte luzatuko diren Behobia auzoko jaietan. Gaur Irun Hiria Musika Banda arituko da (20:30ean), eta Jalisko Band taldeko mariatxiak gauerdian. Bihar, besteak beste, eguerdiko poteo elegantean (hala joan behar da jantzita) eta arratseko elizako kontzertuan entzungo dira doinuak. Baina musika [...]
Gaur hasiko dira ofizialki Behobia auzoko jaiak, San Inazio Jaiak, 18:55ean, suziriaren jaurtiketarekin; ondoren haurren danborradak emango du festen hasieraren abisua, auzoko kaleetan zehar (ikus egitaraua Nabarmenak atalean). Nolanahi ere, behobiarrek ez dute itxaron nahi izan, eta atzodanik murgildu dira festa giroan. Haur eta gazteentzako margo eta toka lehiaketak, helduentzako mus eta barraskilo txapelketak, eta 4 urte bitartekoentzako plastikozko motorren lasterketa dira atzo egin zituztenetako batzuk.
Hiri eta auzo guztietako festak ondo pasatzeko egiten dira, baina Behobian, «Behobiako errepublika independentean» Jai Batzordekoek dioten bezala, zeregin horretan munduko aurreratuenak izaten saiatzen dira. Egitarauko zatirik handiena irudimen handiko ekitaldiek hartzen dute, auzotarren arteko harremanak estutu eta lehertzeraino barre egitea helburu dutenak. Horrek ez du esan nahi sutsuki elkar lehiatuko ez direnik, esaterako emakumezkoen toka eta hiruko jaurtiketen lehiaketetan (gaur), patata tortilla txapelketan, zerbitzari lasterketan eta barraskilo-biltze lehian (bihar), edota igandeko herri kirol desafioa handian, umorezko tourrean eta ohol lasterketan.
Musika giroa uneoro
Musika giroa ere ez da faltako atzo hasi eta igandera arte luzatuko diren Behobia auzoko jaietan. Gaur Irun Hiria Musika Banda arituko da (20:30ean), eta Jalisko Band taldeko mariatxiak gauerdian.
Bihar, besteak beste, eguerdiko poteo elegantean (hala joan behar da jantzita) eta arratseko elizako kontzertuan entzungo dira doinuak. Baina musika ekitaldi sonatuena gauean izango da, DJ festa erraldoia; bost disko jartzaile arituko dira bata bestearen ondotik, 23:00etatik eta auskalo zein ordura arte.
Etzi, Loiolako San Inazio egunean, San Martzial Batasun Pastoralaren abesbatza mezetan abesten arituko da. San Inazioren martxa entzungo da.
Bihar, haurren danborrada
Txikienei ezin kexatzeko moduko plana prestatu die auzo elkarteak: atzo, margo eta toka lehiaketa izan zituzten, eta jolasean ibili ziren, besteak beste, 4 urte artekoek plastikozko motorren lasterketa egin zuten, eta, espero bezala, azkarrenak irabazi zuen.
Gaur da haurren egun handia, danborradarena. Bihar, Azken Portuko zuzengunean arrantza txapelketa dute goizean (09:30ean), eta ur jokoak arratsaldean (16:30etik hasita). Etzi, nagusien danborradaren egunean, poneyak eta betizuak izango dira (20:00etan), Plaza txikian.
Behobiarrek, haurrek zein haur izandakoek, sua ere maite dute; argi utzi dute hori egitaraua prestatzean. Hasteko, gaur, Zaragozana pirotekniak programatutako ikuskizunaz gozatuko dute bertakoek eta bisitariek, Konpantzia Uharteko jaialdi entzutetsuan. Eta etzi, jaiak bukatzeko, nola ez, zezensuzkoaren aurretik korrika ibiliko dira behobiarrak eta bisitariak.