Arraguako topoaren zubiaren azpialdea urbanizatzeko lanak martxan daude
Arragua auzoaren biziberritzeak aurrera jarraitzen du. Pasa den astean, EuskoTrenen geltoki berria eta errailen permeabilizazioen ondorioz eraiki den zubiaren azpialdea urbanizatzeko lanak hasi zituzten, udaleko kideek nabarmendu dutenez, “inguru...
Arragua auzoaren biziberritzeak aurrera jarraitzen du. Pasa den astean, EuskoTrenen geltoki berria eta errailen permeabilizazioen ondorioz eraiki den zubiaren azpialdea urbanizatzeko lanak hasi zituzten, udaleko kideek nabarmendu dutenez, “inguru hori txukuntzeko”.
Zubiaren azpia urbanizatuko dute, eta parke berria eta pasabidea egingo dituzte. Espaloia eta lorategia ere egingo dituzte Arragua auzoaren goiko zatiarekin lotzeko. Bidegorri puska bat ere egingo dute, topoko geltokiraino helduko dena. Era berean, argiztapen lanak ere egingo dituzte. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete iraungo dute lanek.
Lan horiek Arragua auzoaren biziberritzearen barnean kokatuta daude, udaleko kideek gogorarazi dutenez: “Lan horiekin, auzoaren egoera eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen ari da”.
Era berean, Arraguako bizitza komertziala bermatzeko eta sustatzeko neurriak hartu dituztela azaldu dute: “Horrela, Lartzabal etxadi barruko aparkalekuak denbora mugatukoak izango dira aurrerantzean, ordutegi komertzialaren barruan: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 19:00etara. Ordutegi horren barruan, 20 minutuko txandakatze bidez funtzionatuko du aparkalekuak, mugikortasuna ahalbidetzeko”.
Aste honetan seinaleak jarriko dituzte. Hala, bertako merkatariek egindako eskaera aintzat hartu du Udalak.

