Oarsoarrak sariak herrian emango dituzte
Bihar da sari banaketa, eguerdian, liburutegian; Euskararen Saria 2011 eta ohorezko aipamena emango dituzte. Etzi da Euskararen Eguna (abenduaren 3an). Horren harira, bihar banatuko ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Oarsoarrak sariak. 13:00etan jarri...
Bihar da sari banaketa, eguerdian, liburutegian; Euskararen Saria 2011 eta ohorezko aipamena emango dituzte.
Etzi da Euskararen Eguna (abenduaren 3an). Horren harira, bihar banatuko ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Oarsoarrak sariak. 13:00etan jarri dute ordua, Manuel Lekuona Bibliotekan.
Ekitaldi berezia eta jendetsua izango dela espero dute: «Ehun lagun inguru bilduko dira: lau herrietako korporazioak, udal teknikariak, Oarsoaldeko teknikariak, saritutako sektoreko agenteak, Oarsoaldearen egitasmoekin lotura duten eragileak, eskualdeko komunikabideak, gizarte eragileak (ikastetxeak, kultur elkarteak, euskaltegiak…)…».
Sarien helburuak
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak gogorarazi duenez, hainbat helburu dituzte sariek, baina nagusiena euskara prestijiatzea da. Gainontzekoak honakoak dira: «Gizartean eragin positiboa lortzea; Euskararen normalizazioan eragingo duten portaerak sorraraztea; Oarsoaldearen egitasmoen berri emateko aitzakia izatea, eta euskararen erabilera areagotzeko pausoak eman dituztenei aitortza edo omenaldia egitea».
Sarituak, ekitaldian
Hala, bi sari banatuko dituzte bihar. Batetik, sari nagusia dago: Oarsoarrak Euskararen Saria 2011. Bestetik, ohorezko aipamena egingo diote eskualdeko agente bati, «euskararen alorrean egindako ekarpenagatik». Bi sarituen berri ekitaldian emango dute.
