Kalera irteteko 675 arrazoi
Euskal presoen eskubideen aldeko aldarriarekin bat eginez, mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako Egin Dezagun Bidea mugimenduak. Errenteria-Oreretan izango den nabarmenena, hilaren 31n egingo duten manifestazioa izango da. 16:00etan, San Silbestre lasterketan parte hartuko dute, eta ondoren, 18:00etan, manifestazio abiatuko da Musika plazatik. Hurrengo egunean Urdaburura igoko dira. 10:00etan jarri dute ordua Susperregin biltzeko, eta 11:00etan espero dute tontorrera ailegatzea. Bihar, Gabon bezpera izanik, Olentzeroren abestiak kantatzen ariko dira kalez kale. 19:00etan, Foru plazan elkartuko dira parte hartzaileak, eta 20:30ean, berriz, gainontzeko abesbatzekin batuko dira, Herriko enparantzan. Urtarrilaren 7ko manifestazioari begira, aldiz, autobusak antolatu dituzte Errenteria-Oreretan. 17:30ean hasiko da protesta, eta 15:30ean hartuko dute autobusa, Panierreko zubian. Txartelak dagoeneko salgai daude Arkaitza, Sindikato eta Landare tabernetan. Rose Villalobos (Senidea):”Desgastatzen joaten zara, baina ez bidaiarengatik, bera gabe bueltatzen zarelako” “Nire bikotekidea bisitatzeko 1.450 kilometro egin behar ditut hamabost egunero. Oso gogorra da. Dispertsioak hori dakar: astebururo poltsa hartzen duzunean, guk sufritzen dugula, eta baita berak ere, ez dakigulako bidean zer espero dezakegun: eguraldia, errepidea… Hara iristen zaren arte, ikusi eta bere parean zauden arte, ez dakizu berriro ikusiko duzun. Errepidean denetik tokatu zaigu, poliziaren kontroletatik hasita. Dispertsioaren beste arazoetako bat da gastatzen zoazela. Desgaste hori ez da joaten zarelako, baizik eta bera [...]
Euskal presoen eskubideen aldeko aldarriarekin bat eginez, mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako Egin Dezagun Bidea mugimenduak. Errenteria-Oreretan izango den nabarmenena, hilaren 31n egingo duten manifestazioa izango da. 16:00etan, San Silbestre lasterketan parte hartuko dute, eta ondoren, 18:00etan, manifestazio abiatuko da Musika plazatik. Hurrengo egunean Urdaburura igoko dira. 10:00etan jarri dute ordua Susperregin biltzeko, eta 11:00etan espero dute tontorrera ailegatzea.
Bihar, Gabon bezpera izanik, Olentzeroren abestiak kantatzen ariko dira kalez kale. 19:00etan, Foru plazan elkartuko dira parte hartzaileak, eta 20:30ean, berriz, gainontzeko abesbatzekin batuko dira, Herriko enparantzan.
Urtarrilaren 7ko manifestazioari begira, aldiz, autobusak antolatu dituzte Errenteria-Oreretan. 17:30ean hasiko da protesta, eta 15:30ean hartuko dute autobusa, Panierreko zubian. Txartelak dagoeneko salgai daude Arkaitza, Sindikato eta Landare tabernetan.
Rose Villalobos (Senidea):”Desgastatzen joaten zara, baina ez bidaiarengatik, bera gabe bueltatzen zarelako”
“Nire bikotekidea bisitatzeko 1.450 kilometro egin behar ditut hamabost egunero. Oso gogorra da. Dispertsioak hori dakar: astebururo poltsa hartzen duzunean, guk sufritzen dugula, eta baita berak ere, ez dakigulako bidean zer espero dezakegun: eguraldia, errepidea… Hara iristen zaren arte, ikusi eta bere parean zauden arte, ez dakizu berriro ikusiko duzun. Errepidean denetik tokatu zaigu, poliziaren kontroletatik hasita. Dispertsioaren beste arazoetako bat da gastatzen zoazela. Desgaste hori ez da joaten zarelako, baizik eta bera gabe bueltatzen zarelako. Gertuago egongo balitz ezberdina litzateke”.
Jose Maria Mujika (Preso ohia) : “Barruan dagoenarentzako esanahi handia dauka Bilbon 60.000 pertsona ikusteak”
“Ekintza hauek barruan dagoen jendearetzako esanahi oso garrantzitsua dute. Zuretzat barruan esanahi handia dauka: 60.000 pertsona ikusten dituzu Bilbon bildu direnak zure alde, eta horrek adrenalina igotzen dizu. Momentu horietan gehiago pozten zara zure senitartekoengatik, eurak baitira egunero-egunero sufritzen dutenak. Halako egoeretan poz handia sentitzen duzu, 60.000 lagunetik gora ikusten ari zarenean. Babes izugarria da, egoera horiek deskribatzeko ez dago hitzik. Barruan zaudela bultzakada bat ematen dizu”.
Hodeiertz Urain (Senidea): “Presoek bizi duten egoera gaur egungo testuinguru politikoan ezin da onartu”
“Nire aitak 26 urte daramatza preso. 2009ko abuztuan Parot doktrina aplikatu zioten 2016. urtera arte atzeratuz irteteko data. Halako egoerak egun bizi dugun testuinguruan ezin dira onartu. Horregatik, halako mobilizazio bat garrantzitsua da presioa egiteko. Presoak etxeratzearen alde dagoen guztiak kalean egon behar du. Presoek hemen egon behar dute, euren eskubidea da”.
Lander Garro (Senidea): “Nahiz eta testuingurua asko aldatu den, barruan duten egoera ez da batere aldatu”
“Azken urte honetan egiaztatu ahal izan dugunez, nahiz eta testuingurua asko aldatu den, barruan duten egoera ez da batere aldatu. Barruan jarraitzen dute egoera oso kaxkarrean egoten. Jarraitzen dute izaten preso guztien artean baldintza txarrenak pairatzen dituztenak. Urtarrilaren 7ko manifestazioa nahiko genuke mugarri bat izatea, gure ahotsa izatea Madrildik entzuteko bezain indartsua. Era berean, konturatzen gara Madrilen beste erritmo batera bizi dutela prozesu guztia. Pazienteak izan behar dugu, eta jarraitu behar dugu gure lana egiten, urtarrilaren 7an, 8an, 9an eta 10ean, egunero”.
Haizea Iriarte (Preso eta iheslari politikoak etxeratzearen aldeko mugimenduko kidea): “Egungo aro politikoan garrantzitsua da presoak agenda politikoan egotea”
“Aro politiko honetan garrantzitsua da presoak agenda politikoaren barruan egotea. Gatazkaren konponbide prozesuan arretaz begiratu behar zaie ere gatazkaren sorburuei eta gatazkaren ondorioei. Garrantzitsua da ere jendeak aldarrikapen horiekin bat egitea: zigorraren 3/4ak beteak dituztenek kalean egon behar dutela, gaixotasun larriak dituzten presoak kalean egon behar dutela, Euskal Herriratzea… Azken finean, herri presioaren bidez lortuko dugu preso eta iheslari politikoak etxean izatea”.