EAJ pozten da San Juan plazako aparkalekuak merkatariei on egingo dielako, baina auzoetako egoera gogoratu du
Irungo EAJ pozik agertu da San Juan plazako aparkalekua gabonetarako ireki ahal izan delako, baina gogoratu du hiriko zenbait auzoetan aparkatzeko arazo larriak daudela, eta horiek konpontzeko erabakiak hartzeko unea dela uste dute jeltzaleek. Xabier I...
Irungo EAJ pozik agertu da San Juan plazako aparkalekua gabonetarako ireki ahal izan delako, baina gogoratu du hiriko zenbait auzoetan aparkatzeko arazo larriak daudela, eta horiek konpontzeko erabakiak hartzeko unea dela uste dute jeltzaleek. Xabier Iridoy bozeramailearen ustez aparkalekua irekitzea ideia ona izan da, “nahiz eta gainazaleko urbanizazio lanak oraindik amaitu ez diren”. Irungo jeltzaleek espero dute aparkalekuak merkataritzari positiboki eragitea, Gabon garaian eta urtarrileko beherapenetan egin beharreko erosketak kontuan izanik.
Hirugarren solairuko egoiliarrentzako aparkalekuari dagokionez, “eskaintzen diren 214 lekuetatik guztira 52 leku gauzatu” direla, eta 2007an Pinarreko aparkalekuan “75 urterako emakida erregimenean eman ziren plazen antzeko ehunekoa” dela adierazi du Iridoyk. Bere esanetan, 2007 urtean udal gobernuak lur azpian aparkatzeko 1.300 leku eraikitzeko asmoa zuen, eta lehen asmoak, Pinarrekoak, “ekonomikoki kale egin zuenez”, Belaskoenea, Artia eta Dunboako proiektuak gauzatu aurretik auzotarrei galdetu zitzaien; behar bezalako eskaririk egon ez zenez, hiru aparkaleku horiek egiteari uko egin ziotela gogoratu du bezemaile jeltzaleak, “kostuei aurre egiteko aukerarik ez zegoelako”.
Egoera berean, San Juan plazakoa egin dela nabarmendu du Iridoyk, eta “auzo askotan aparkatzeko arazo larriak pairatzen dituztela” gehitu du. Bozeramaile jeltzaleak hausnarketa egiteko eta Irungo auzo desberdinetan bizi den egoera desblokeatzeko erabakiak hartzeko unea dela adierazi du.