Presoak hurbiltzeko eskatu du Irungo plenoak
ETAko presoak hurbiltzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea, eta espetxeetan aplikatzen diren ezohiko neurriak bertan behera uztea eskatzen zuen mozioa onartu zuen Irungo Udalbatzak atzo arratsean, maiatzeko ohiko bilkuraren barruan (ikus bukaeran onartutako mozioa). PPk ez beste talde guztiek bat egin zuten Bilduk aurkeztutako testuarekin: PSE-EE, EAJ, Ezker Batua eta mozioaren aurkezle Bildu. Oinatz Mitxelenak aurkeztu zuen mozioa. Iazko urriaren 20an ETAk egindako iragarpenaren ostean «denbora berriei egokitutako argazkia ateratzeko beharra» azaldu zuen. “Ez dezagun ahaztu eskubideak eskatzen ari garela», esan zuen, eta «han atzean eseritakoei —presoen senideak joan ziren osoko bilkurara— ezarritako zigorra bertan behera uzteko” galdegin zuen. Alderdi Popularra izan zen mozioa onartu ez zuen bakarra. “Presoak Euskal Herrira ekartzea ez da eskubide bat, gomendio bat baizik”, iritzi zuen Juana Bengoetxeak bere alderdiaren izenean. ETAk egindako hainbat atentatu aipatu zituen, eta Bilduren ordezkariek egiten ari diren esfortzua onartu arren, zera esan zuen: “arazoa da ezin garela zuekin elkarrekin joan”. Nolanahi ere, Parot doktrinaren aurka dagoela argitu zuen Bengoetxeak, «partida hasi eta gero arauak aldatzea bezala delako», baina Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko erabakiak erespetatzen dituela gaineratu zuen, “zuek hauteskundeetara aurkezteko eskubidea zenutela esan zuenean ere”. Ezker Batuko hautetsi Manuel Millanek PPri zuzendu zitzaion alde bozkatuko zuela argitu zuenean: “Mozioak eskubideen [...]
ETAko presoak hurbiltzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea, eta espetxeetan aplikatzen diren ezohiko neurriak bertan behera uztea eskatzen zuen mozioa onartu zuen Irungo Udalbatzak atzo arratsean, maiatzeko ohiko bilkuraren barruan (ikus bukaeran onartutako mozioa). PPk ez beste talde guztiek bat egin zuten Bilduk aurkeztutako testuarekin: PSE-EE, EAJ, Ezker Batua eta mozioaren aurkezle Bildu.
Oinatz Mitxelenak aurkeztu zuen mozioa. Iazko urriaren 20an ETAk egindako iragarpenaren ostean «denbora berriei egokitutako argazkia ateratzeko beharra» azaldu zuen. “Ez dezagun ahaztu eskubideak eskatzen ari garela», esan zuen, eta «han atzean eseritakoei —presoen senideak joan ziren osoko bilkurara— ezarritako zigorra bertan behera uzteko” galdegin zuen.
Alderdi Popularra izan zen mozioa onartu ez zuen bakarra. “Presoak Euskal Herrira ekartzea ez da eskubide bat, gomendio bat baizik”, iritzi zuen Juana Bengoetxeak bere alderdiaren izenean. ETAk egindako hainbat atentatu aipatu zituen, eta Bilduren ordezkariek egiten ari diren esfortzua onartu arren, zera esan zuen: “arazoa da ezin garela zuekin elkarrekin joan”. Nolanahi ere, Parot doktrinaren aurka dagoela argitu zuen Bengoetxeak, «partida hasi eta gero arauak aldatzea bezala delako», baina Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko erabakiak erespetatzen dituela gaineratu zuen, “zuek hauteskundeetara aurkezteko eskubidea zenutela esan zuenean ere”.
Ezker Batuko hautetsi Manuel Millanek PPri zuzendu zitzaion alde bozkatuko zuela argitu zuenean: “Mozioak eskubideen urraketa salatzen du eta gu giza eskubideen urraketen kontra gaude, ETAk giza eskubideak zapaldu dituenean, eta presoen eskubideak errespetatzen ez direnean”.
«Eman beharreko urratsa»
EAJren udal taldeak mozioarekin bat egin zuen. “Une itxaropentsuak dira, eta egungo egoera behin betirako izan dadin urratsak eman behar dira”, adierazi zuen Xabier Iridoyk. Bere ustez, mozioak zioena onartzea “Irungo udalbatzak eman beharreko pausua da”.
Bozka argitzen azkenak PSE-EEren kideak izan ziren. Ikusitakoaren arabera, mozioaren aldekoek zein kontrakoek sozialisten bozken beharra zuten erabakia alde batekoa edo bestekoa izateko. Miguel Angel Paezek “hiritarrek garai berriak direla ulertu dutela” eta ordezkari politikoek “erabaki ausartak” hartzeko unea dela nabarmendu zuen. Bere esanetan, “ETAren behin betiko desagertzeak prozesua atzeraezina izaten lagundu dezake”.
Hau da onartutako mozioaren testua:
Irungo Udalak, iazko urriaren 20an ETAk egindako iragarpenaren ondoren, garai eta eszenatoki politiko berri baten aurrean gaudela eta hau atzeraezina bihurtu behar dugula ulertzen du.
Testuinguru honetan, eta gure helburua normalizazio politikoan eta bizikidetzan laguntzea izanik, Irungo Udalak espetxe-politika malgutzearen aldeko jarrera erakusten du, hau honela ulerturik:
- ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea edo, ezinezko balitz, bere jatorritik edo bizilekuetatik hurbilen daudenetara.
- Gaixotasun larriak dituztenentzat espetxe-legeriak jasotzen dituen neurriak aplikatzea.
- Espetxe-legerian ohiko izaera duten gainerako neurriak aplikatzea eta ezohiko izaerakoak kentzea.