Euskara sustatzeko diru-laguntzak eskatu daitezke
Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak hizkuntza honen erabilera sustatzeko diru-laguntzen deialdia ireki du. Udalak guztira 19.832 euro bideratuko ditu deialdi honen baitan dauden euskararen erabilera sustatzeko helburua duten bost ataletara. Horien...
Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak hizkuntza honen erabilera sustatzeko diru-laguntzen deialdia ireki du. Udalak guztira 19.832 euro bideratuko ditu deialdi honen baitan dauden euskararen erabilera sustatzeko helburua duten bost ataletara.
Horien artean, lehenengo atala, udako euskara ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeei zuzendutako diru-laguntza da. Guztira, 9.800 euro bideratuko ditu Udalak ikastaro hauetarako eta laguntzak eskatzeko epea ekainaren 28ra arte egongo da zabalik.
Diru-laguntza programa honen bigarren ildoa euskararen sustapenerako ekintzak antolatzen dituzten talde eta elkarteei zuzenduta dauden 3.100 eurok osatzen dute, eta hirugarrena, Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen ikastaroetara edo euskarazko barnetegietara joango diren herritarrentzat dago zuzenduta, 3.132 euroko kopuruarekin.
Errotulazioak eta webguneak
Bestalde, euskara sustatzeko diru-laguntzen laugarren puntua udalerriko establezimenduei zuzenduko zaie, kanpoko errotulazioa euskaraz jartzen dutenen artean 1.080 euro banatuaz, eta azkenik, Euskara arloak beste 2.000 euro zuzenduko ditu elkarte, enpresa eta besteren webguneak euskaratzeko.
Azken bi hauetarako zein euskara sustatzen duten elkarteentzat eta udako ikastaro eta barnetegietarako diru-laguntzak eskatzeko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik.
Eskaera guztiak Hondarribiko Udalaren Biztanleen Arreta Zerbitzuan udaletxeko arkupeetan duen bulegoan egin beharko dira, aipatutako epeetan, 9.00tatik 13.30era eta 16.00tatik 18.00tarako ordutegian. Deialdiaren oinarriak www.hondarribia.org webgunean daude.
