Euskara sustatzeko diru laguntzak eska daitezke
Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzen deialdia ireki du. Guztira, 19.832 euro bideratuko ditu deialdi horren barruan dauden euskararen erabilera sustatzeko helburua duten bost ataletara. Horien artean, ...
Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzen deialdia ireki du. Guztira, 19.832 euro bideratuko ditu deialdi horren barruan dauden euskararen erabilera sustatzeko helburua duten bost ataletara.
Horien artean, lehenengo atala, udako euskara ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeei zuzendutako diru laguntzena da. Guztira, 9.800 euro bideratuko ditu udalak ikastaro horietarako, eta laguntza horiek eskatzeko epea hilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Bigarren ildoa euskararen sustapenerako ekintzak antolatzen dituzten talde eta elkarteei zuzenduta dauden 3.100 eurok osatzen dute, eta hirugarrena, Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen ikastaroetara edo euskarazko barnetegietara joango diren herritarrentzat dago zuzenduta, 3.132 euroko diru ekarpenarekin.
Errotulazioak eta webguneak
Bestalde, euskara sustatzeko diru laguntzen laugarren ildoa udalerriko establezimenduei zuzenduta dago. Kanpoko errotulazioa euskaraz jartzen dutenen 1.080 euro banatuko dituzte, eta azkenik, Euskara arloak beste 2.000 euro zuzenduko ditu elkarte, enpresa eta beste eragileen webguneak euskaratzeko.
Azken bi egitasmo horietarako, zein euskara sustatzen duten elkarteentzat eta udako ikastaro eta barnetegietarako diru laguntzak eskatzeko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik.
Eskaera guztiak Hondarribiko Udalaren Biztanleen Arreta Zerbitzuak udaletxeko arkupeetan duen bulegoan egin behar dira, epearen barruan, 09.00etatik 13.30era eta 16.00tatik 18.00tara. Deialdiaren oinarriak www.hondarribia.org webgunean aurki ditzakete interesdunek.
