Landa eremuan hobekuntza lanak egingo ditu udalak
Landa eremuan hobekuntzak egiten ari dela jakinarazi du Errenteriako Udalak. Legealdiaren hasieran gobernu taldeak esparru horretan hainbat konpromiso hartu zituela gogorarazi du Mendi eta Ingurumen sailak eta horren barruan, baserri guneko postontziak...
Landa eremuan hobekuntzak egiten ari dela jakinarazi du Errenteriako Udalak. Legealdiaren hasieran gobernu taldeak esparru horretan hainbat konpromiso hartu zituela gogorarazi du Mendi eta Ingurumen sailak eta horren barruan, baserri guneko postontziak konpontzen hasiko dira uztailaren lehenengo astean: “Egoera txarrean dauden postontziak berrituko ditugu, egurrezko edukiontziak metalezkoengatik aldatuz”. Konponketa lanak, udalak eta Behemendi elkarteak egingo dituzte elkarlanean. Aurreikusitako diru zatiari dagokionean, 14.000 euro beharko dituzte berrikuntza lanak egiteko eta udalak eta Behemendik erdibana ordainduko dute. 2012 urteko kanpainaren barruan Zentolen, Frantsilla Berri, Zamalbide, Floreaga, Bolaleku, Langaitz inguruko, Urritzaga eta Larretxiki baserrietako postontziak konponduko dituzte.
Hobekuntzak bideetan
Landa eremuko hobekuntzen barruan, herriko hainbat bide hobetu eta hormigoiztatuko ditu bestalde udalak. Horretarako hainbat lan eskaintza esleitu dituela eta aurkeztu direnak aztertuta Excavaciones Zapirain SL enpresaren proposamena aukeratu dutela jakinarazi du. Guztira 30.705 euroko diru zatia erabiliko dute bideak hobetzeko eta lanek, Aizpitarteko bide publikoa, Barrengoloia-Isoiluneakoa, Sanmarkorena, Sabara, Idoia-Susperregi, Soldaduena eta Baringarabetekoako bideei eragingo diete.
