Udan, merkealdia eta menuak ere euskaraz
Jendaurreko txartelak eta bestelakoak euskaraz jartzeko edo zuzentzeko zerbitzua du Ttur-tturrek Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak gogorarazi dutenez, «uda garai berezia da ostalari eta merkatarientzat». Hala, sasoi berezi honet...
Jendaurreko txartelak eta bestelakoak euskaraz jartzeko edo zuzentzeko zerbitzua du Ttur-tturrek
Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak gogorarazi dutenez, «uda garai berezia da ostalari eta merkatarientzat». Hala, sasoi berezi honetan ere, zerbitzua euskaraz ematera animatu dituzte: «Merkatari asko merkealdi garaiaren atarian daude eta ostalariak, berriz, lan gehien izango duten sasoiari erantzuteko prestatzen ari dira, eta zerbitzua euskaraz eskaintzeak establezimenduaren kalitatea hobetu eta bezero euskaldunekiko begirunea adierazten du».
Otorduak eskaintzen dituzten ostalariei eta merkealdia jartzen duten merkatariei gutuna bidali diete, eskuragarri duten materiala eta euskara zerbitzua gogorarazteko.
Ttur-tturren eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker, indarrean da Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa: «Egitasmo horren barruan hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiegu merkatari eta ostalariei, dohainik; besteak beste, jendaurreko idatziak, txartelak eta oharrak euskaratzea edo zuzentzea».
Gutuna jaso dutenak, zein jaso ez dutenak, Ttur-tturrekin jar daitezke harremanetan, eskaerak egiteko edo informazio gehiago lortzeko. Fermiñene Etxera hurbil daitezke: Aialde kaleko bigarren zenbakian dago, lehen solairuan. Telefonoz dei dezakete, 943 26 01 82 zenbakira. Edota, mezu elektroniko bat bidali, tturttur.oiartzun@gmail.com helbidera.
Bezeroen laguntza
Bestalde, bezero euskaldunei laguntza eskatu diete bai udalak eta bai Ttur-tturrek, «herriko denda, jatetxe eta tabernetan idatzizko oharrak euskaraz eska ditzaten eta hala ez badaude arduradunari zerbitzu honen berri eman diezaioten».