Antxok ekialdea irabaziko du

Joan den asteazkenean aurkeztu zuten VAUMM arkitekto taldeko ordezkariek Marealtaren eskuineko zatia  (topoko zubitik, Oarso kalera doan zubiraino) antxotarren erabilerarako egokitzeko egitasmoa. Bertan, hiru dira asmo nabarmenenak: erreka ondoko pasealekua, parkea, eta pilotalekua. Antxok bere ekialdea irabazten jarraituko du, Katuen Etxadiaren egitasmoaren jarraipen bezala. 2008an Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuten hitzarmenaren barruko lana da. Izan ere, hegoaldea irabazten ari da barrutia Luzuriagako egitasmoaren bidez; Nafarroa etorbidearen hiritartzearekin iparraldera ere begira jarri da, eta hego-mendebaldea ere bere egin zuen Usozko ikastola, anbulatorioa eta kirol eremuarekin. Kultur Etxean eman zituzten VAUMMeko kideek azalpenak; ikusmina handia zen, eta halakoa izan zen herritarren parte hartzea, aretoa bete baitzen.

Izaskun Biurrun alkateordea azalpenak ematen

Jendez lepo bete zen Kultur Etxea

infoa

Pilotalekuaren muntaia digitala

Martxoan hasiko dira hiru egitasmo horiek egiteko lanak, eta 10 hilabetean eginda izango dira. Hau da, 2014ko hasieran balia ditzakete antxotarrek azpiegitura horiek. 1,5 milioiko aurrekontua dute. Hasiera batean, Antxoko pilotalekua Usozko eremuan egitea zen asmoa, baina hiru arrazoigatik erabaki zuen gobernu taldeak —Udalbatzak berretsi egin zuen plenoan gobernu taldearen proposamena— Marealta ondoan egitea pilotalekua, eta haren ingurukoak: lehenik, Marealtan epe laburragoan egingo dituztelako, Usozeko asmoa Donostiako Auditz-Akular egitasmoaren-pean zegoelako; bigarrenez, Marealtako pilotalekua Usozen egingo zena baino handiagoa izango da; eta hirugarrenez, kokapena U sozkoa baino egokiagoa da.

Xehetasunak, eta galderak Pilotalekuak, Euskal Pilota Federazioak eskatzen dituen neurriak izango ditu, jokalarientzako bi aldagela, epaileentzako beste bat, argiteria, eta kanpoaldean, kantina. Itxia izango da, “Antxok bazuen horrelako azpiegitura baten beharra kirol nahiz bestelako jarduerak egiteko”, esan zuen Kultur Etxean Izaskun Biurrun Antxoko alkateordeak. Harmailetan 258 pertsonentzako eserlekuak egongo dira, eta asmoa da bertara iristeko Azoka paretik pasabidea egitea Marealtaren gainetik. Pilotalekuaren inguruko parkean belardiak izango dira nagusi, “azpiegitura ingurunearekin integratuta egongo da horrela”, esan zuten VAUMMeko arkitektoek. Izan ere, bolumen handiko eraikina izango da frontoiarena, eta hori gutxitzeko hainbat neurri zuzentzaile aurreikusi dituzte. Parkean ere adinekoek gimnasia egiteko tresnak egongo dira. Arkitektoek eta udal ordezkariek azalpenak eman ondoren, gisa guztietako galderak egin zituzten Kultur Etxera bildu ziren herritarrek. Jakin-mina zuten. Galdera guztiak erantzun zituzten bai arkitektoek zein Izaskun Biurrun alkateordeak.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.