Malonda: "Erraza izan da, Sastreren hizkuntza bera erabiltzen dugulako"
Madrilen ezagutu zuten elkar Alfonso Sastrek eta Antonio Malondak, Lluvia de ángeles sobre París obraren zuzendariak. Biak aktoreen matxinadako partaide izan ziren, diktaduraren kontra altxatu, eta preso egon ziren. Gerora, aktore izatetik zuzendari eta irakasle izatera pasatu da Malonda, eta Sastreren testuak interpretatzetik zuzentzera.
Malondari «betidanik» gustatu izan zaio “zer eta nola” idazten duen Sastrek, baina onartu duenez, etzi Itsas Etxean taularatuko duten lanak “bortizki harrituta” utzi zuen, “bere sorkuntza dramatikoan ezohikoa zelako”.
Sastreren lehen komedia konplexuak genero poliziakoa eta fantastikoa lantzen ditu. Paris gainera aingeruak erortzen hasi dira, zerutik kanporatutakoak, eta antolatzen hasi dira. Planteamendu horren inguruan umorezko sare bat eratu zuen Sastrek, umore politikoa, absurdoa eta beltza uztartuz.
1998 urtean obraren irakurketa eszenifikatua egin zuen Malondak berak Bululu eskolaren aretoan, eta 2011n bere ikasle izandako batzuk elkartu zituen eta talde irakurketa prestatu zuten. “Sastreren komedia eraikitzea oso erraza izan zen, denek hizkuntza bera erabiltzen genuelako”, esan du.
Estreinaldia Madrilen
Hiru saio egin zituzten Bululun, eta aurten muntaia osoa estreinatu dute Circulo de Bellas Arteseko Francisco de Rojas aretoan. Madrilen arrakasta handia izan du obrak. Atzo Donostian estreinatu zuten, eta gaur berriro igoko dira Viktoria Eugeniako oholtzara. Etzi Sastreri etxera etorriko zaizkio Malonda laguna eta bere antzerki konpainia. Opari bikaina antzerkigile handiarentzat, eta Hondarribiarentzat.