Aulki mugikorreko Euskadiko txapelketa egingo dute Bidasoan
Hondarribia Arraun Elkarteak antolatuta, Aulki Mugikorreko distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa egingo dute larunbatean, hilaren 19an Bidasoa ibaian, joan den asteburuan Gipuzkoako Txapelketa egin zen ibilbide berarekin. Guztira 51 ontzi eta 254 arraunlari lehiatuko dira Euskadiko txapelketan. Gizonen probetan, lauko eta zortziko ontziak ariko dira, eta emakumeetan, horiek eta bikoak ere.
Kadeteak izango dira ontziratzen lehenak; Behobiatik abiatuko dira, 09:30ean. Ondoren gazteen eta helduen mailetako arraunlariak irtengo dira, autopistako zubi azpitik. Maila guztietako helmuga Bidasoa pasealekuan izango da, Puntaleko etxeen parean. Lehen ontzia 09:45ak aldera iritsiko da bertara eta iristen azkenak helduen mailako zortziko taldeak izango dira, 10:30ean gutxi gorabehera.
Proba nagusian, gizonen Helduen Mailako zortzikoan, Orio da faborito nagusia, lurraldekoan urrezko domina lortu eta gero. Hondarribia bigarren izan zen, hiru segundu oriotarren atzetik. Irungo Santiagotarrakek, Iruñeako Nautico de Navarrak eta Santurtzik osatuko dute parte hatzaileen zerrenda. Hondarribiko Arraun Elkarteari dagokionez, honakoek osatuko dute berdeen zortzikoa: Julen Castrillon, Iñigo Vertiz, Beñat Egiazu, Iñigo Sagarzazu, Gorka Vertiz, Manex Alday, Ugutz Bilbao, Jon Muguruza eta Ander Moran, azken hau lemazain lanetan.
Hurrengo asteburuan, Espainiakoa
Distantzia luzeko azken proba Espainiako Txapelketa izango da, hurrengo asteburuan Ampostan (Tarragona, Herrialde Katalanak) egingo dena. Hondarribiak proba nagusia (8+) duten maila guztietan parte hartuko du, hau da, eta gizonen helduen, kadeteen eta gazteen mailetan eta emakumeen helduetan.