Lucas debutariak 20 punturekin lagundu du Hondarribia-Irunen garaipenean
Emakumeen Ligako Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak garaipena lortu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian sailkapeneko laugarren tokian zegoen Zamorako Tintos de Tororen aurka (75-70). Italee Lucasek debut bikaina izan zuen (20 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia), baina Mandisa Stevenson izan zen partidako izarra; 35eko balorazioa jaso zuen, 22 puntu sartu eta 14 errebote jaso eta gero.
Gabonetan hiru jokalari galduta, eta duela astebete Italee Lucas estatubatuarra fitxatu eta gero, zortzi jokalarirekin aurre egin behar izan zion Hondarribia-Irunek Errege Kopan sartzea lortu duen Tintos de Torori. Emakumeen Ligako plantilla motzena du taldeak, baina ezin da ukatu Anne Peña entrenatzaileak euren jokalariarengandik lortzen duena txapela kentzeko modukoa dela.
Tintos de Tororen aurka batez ere bost jokalari erabili zituen entrenatzaile kanariarrak, Quinterok, Arroyok eta Borgesek oso gutxi jokatu zutelako; portugaldarrak lau puntu lortu bost errebote jaso zituen, baina hasierako boskoteko kide bakoitzak 35 minutu baino gehiago aritu zen kantxan eta, gauzak horrela, bostek eraiki zuten garaipena.
Suarez basea bikain aritu zen taldearen zuzendaritzan eta erreboterako duen instintoa erakutsi zuen: zazpi jaso zituen valentziar txikiak. Keshler txiletarrak ez zuen saskiarekin beste batzuetan bezain beste asmatu, baina taulapean eta defentsan sendo jardun zuen. Baita Karcicek ere; kroaziarrak gainera 10 puntu lortu zituen eta zortzi errebote jaso.
Mandisa Stevensonek denboraldiko partida onena jokatu zuen eta 35eko balorazioarekin jardunaldiko MVPa izan zen. 36 minutuetan, 22 puntu lortu (8tik 14 bikoetan eta 6tik 6 jaurtiketa libreetan) eta 14 errebote hartu zituen (lau erasoan), asistentzia bat eman zuen eta aukariei sei falta atera zizkien. Gainera, orain arteko kideekin bezala, Italee Lucas herrikidearekin oso ondo moldatu zen Stevenson.
Astebete besterik ez du Lucasek entrenatu, baina lehen agerraldian Hondarribiko taldeak bilatzen zuen jokalaria dela erakutsi du: saskiratzailea eta erabilera askokoa, hiru posizio baxuetan jokatu baitezake.
Lasaitasunerako garaipena
Gabonen bezperetan Errege Kopatik kanpo geratu eta gero, Sandra Igueravideren aldegiteak eta Caja de Burgosen aurkako porrotak alarmak piztu zituen Hondarribian. Baina Leire Aranburuk zuzentzen duen klubaren lehen mugimendua, Lucasen fitxaketa, azkarra eta eraginkorra izan da. Eskolta estatubatuarrak talde indartsuago baten kontra garaipena lortzen lagundu du eta lasaitasunerako mezu bat bidali.
Emakumeen Ligako hamabigarren jardunaldiaren ondoren, Hondarribia-Irun zortzigarren tokian dago, bost garaipenekin, laugarren jarraitzen duen Tintos de Torok dituenak baino bat gutxiago. Sailkapeneko azken bigarrenak, Conquerok hirugarren garaipena lortu du asteburuan eta multzoko azkenari, Bembibreri bi garaipen ateratzen dizkio dagoeneko.
Eta sailkapenaren goiko aldean, Rivas liderrak denboraldiko lehen porrota jaso zuen, Perfumerias Avenidaren kontra.