PSE: "Nahikoa denbora dago Europako araudia betetzeko"
Errenteriako PSE-EEk bosgarren edukiontzia defendatu du beste behin, eta hondakin organikoa modu horretara jasoz, “herritarrak egungo birziklatze tasak handitzeko gai” izango direla iritzi dio. Gainera, “aukera” dagoela esan du 3 edo 5 urte barru “zerbitzu hori beste erabilpen bat ematera pasatzea, egokia irudituko balitz, eta hori bai, adostasunez, eta foru araudiak zehazten dituen irizpideen barruan”. PSE-EEren iritziz, “nahikoa denbora dago materia organikoaren gaineko Europako araudia betetzeko 2020ari begira”.
Adierazpen horiek Eguzkik eta Ingurumen Aholku Kontseiluak egindakoen harira egin dituela esan du PSE-EEk; “mugimendu horrek guztiak dituen asmoen zalantza” duela gaineratu du.
Bilduren lana ere kritikatu du PSE-EEk, eta hondakinen gaian egin duen lanaren emaitza “hondamendizkoa” izan dela iritzi dio, “bere tesiak edozein modutara inposatu ditu, herritarrekin eta gainontzeko talde politikoekin kontatu gabe”. Zentzu horretan, Errenterian hainbat mozio aurkeztu dituztela esan du, “udalaren gehiengoaren posizioa zein den argi utziz. Gainera, herritarren gehiengoarekin bat egiten du”. Beste behin gogorarazi du PSE-EE ez dagoela atez atekoaren alde.