Hilaren 29an, asteartea, Pasaiako Udaleko zinegotziek osoko bilkura egingo dute 19:00etatik aurrera Donibaneko udaletxean. Bertako gairik mamitsuenak mugen auziarekin harremana du, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean “Pasaiako udalerriaren sorrera eta mugaketarako akordioa gauzatzeko” administrazio egintzari ekitea eztabaidatuko baitute. Hau da, mugen gaia berriz ere epaitegietara joateko lehen urratsa izango da, baina aurreko saiakera bide laburtutik joan bazen, orain epaitegietan bide arrunta hartuko du gaiak, zinegotziek hala erabakitzen badute. Honakoak dira, atalez atal, udalbatzarrean aztertzeko izango diren gaiak:
- Xedapen ofizialen eta alkatearen nahiz zinegotzi ordezkarien ebazpenen berri ematea.
- Proposamen teknikoa ordenantza hau indargabetzeko: “Telefonia mugikorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresek udal jabari publikoaren erabilera pribatiboa egiteagatik edo ustiapen bereziagatik ordaindu behar diren tasak arautzen dituen zerga ordenantza”.
- Molinaon egingo den frontoiaren eta Luzuriagako plaza berriaren izenak.
- 2011ko maiatzaren 19ko Udalbatzaren akordio hau berrestea: administrazio-egintza Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Pasaiako udalerriaren sorrera eta mugaketarako akordioa gauzatu dadila eskatzeko.
- Mozioa: Jaizkibel mendiko herri lurren kudeaketari buruzko erakunde akordioa.
- Mozioa: talde sozialistaren eta Pasaiako Ezkerraren mozio bana, pentsioen balioa handitzeari buruzkoak.
- Mozioa: Pasaiako Ezkerraren mozioa, udalak Pasaia-Lezo Lizeoaren duen hitzarmenari buruzkoa.
- Mozioa: talde sozialistaren mozioa, gizarte babeseko zerbitzu publikoen aldekoa.
- Alkatetzaren gestioak.
- Gobernu organoen kontrola, eskariak, galderak eta premiazko mozioak.