Antxoko frontoi berriak badu izena, Ibaiondo
Pasaiako Udalaren atzoko udalbatzarrean Antxoko bi zonalde berrik izango dituzten izenak jakinarazi zituen alkateak. Antxotarrok Historia Mintegiaren ekarpenei jaramon egin eta gero jarriko dituzte bi izen horiek. Batetik, Meralta ondoan eraikitzen ari diren pilotalekuari Ibaiondo izena jarriko dio udalak, Molinao errekaren ertzean dagoelako eta 1970ko hamarkadan bertan zegoen lantegi baten —Tubos de Estaño— goialdean Ibai Ondo izeneko hezkuntza gunea sortu zutelako: Pasaia-Lezo Lizeoaren hastapenetako eraikina izan zen Ibai Ondokoa, eta bertatik ehunka herritarrek jaso zituzten lehen eskolak. Pilotaleku ondoko parkearen izena oraindik ez dute zehaztu.
Bestetik, Luzuriagako etxebzitza berrien barruan sortu duen plazari Txoritokieta izena jarriko diote. Pasaia inguruko mendixka da Txoritokieta, eta aldi berean, garai batean izen horrekin kale bat egon zen inguru horretan.