Hondarribia-Irunek kanarietan galdu du, barruko jokorik gabe
Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak Gran Canariarekin galdu zuen larunbatean (94-78), Palmas de Gran Canaria hiriko La Paterna kiroldegian jokatutako partidan. Emakumeen Ligako hamaseigarren jardunaldia izan zen eta, porrotaren ondoren, Hondarribikoak sailkapeneko azkenaurreko tokian jarri dira, Conquerok azkenari irabazi baitzion.
Liga erregularra bukatzeko bost partida geratzen direnean, play-off postuak bi puntura dituzte Anne Peñaren neskek, eta talde gehiegi haien aurretik. Zilarrezko Mailara Bembibre jaitsiko dela ziurtzat eman daitekeenez —orain arte bi partida irabazi ditu eta geratzen zazkion bostetik lau behintzat irabazi behako lituzke—, liga zazpigarren tokian bukatzea izango da Hondarribia-Irun taldearen helburua. Horretarako Tintos de Torok, Ciudad de Burgosek eta Conquerok baino lan hobea egin beharko dute hondarribitarrek: lehenengo biek sei garaipen dituzte —burgostarrek partida bat gehiago jokatzeko— eta Conquerok eta Hondarribia-Irunek bost.
Bi plantilla labur aurrez-aurre
Hondarribiarrek aukera ona galdu dute asteburuan, beraiek bezala, plantilla motza duen taldea baita Gran Canaria. Partida amaitzeko bi minutu eskas geratzen ziren arte, sei jokalari besterik ez zituen erabili kanariarren entrenatzaileak eta hasierako bostekoko bi jokalarik 40 minutuak jokatu behar izan zituzten. Seigarren jokalariak, baina, 15 punturekin eta lau errebotekin lagundu zien taldekideei. Hondarribia-Irunen, aldiz, Arroyok hiru puntu sartu zituen eta Quinterok bat ere ez.
Sonia Borges portugaldarrak beste egun txarra izan zuen eta, lehen bostekoan hasi zen arren, 11 minutu besterik ez zituen jokatu eta bi puntu sartu eta bi errebote jaso zituen, taldetik espero dutena baino askoz gutxiago. Dudarik gabe, datorren urtera begira bere belaunak asko indartu beharko ditu portugaldarrak taldean segitu nahi badu. Mandisa Stevensonek ez zuen sasaoi onean bidaiatu kanarietara, baina Borgesen ordez aritu behar izan zuen; ezinezkoa izan zitzaion kanariarren piboten aurka lehiatu eta taula azpian egon zen etxekoen garaipenaren arrazoietako bat. Gran Canariak 39 errebote hartu zituen eta Hondarribiak 27.
Giltza, barruko jokoa
Ezinean, hondarribiarrek hiruko jaurtiketekin saiatu ziren, barruko jokora ia begiratu gabe. 27 aldiz bota zuten 6.75eko marratik harago eta bi puntuko saiakeretan baino portzentai hobea lortu zuten —%38 bikoetan eta %41 hirukoetan—. Baina, esan bezala, kanpoaldetik izandako fintasunari ez zioten barruko jokoa gehitu eta kanariarren erregulartasuna nahikoa izan zen garaipena etxean geratzeko, Hondarribia-Irun ez baitzen laurden bakar bat ere irabazteko gai izan.
Hondarribiarren azken fitxaketa, Italee Lucas eskolta estatubatuarra, izan zen berriro taldeko onena. 27 puntu sartu zituen —3/9 bikoetan, 3/9 hirukoetan eta 12/12 tiro libreetan—, lau errebote eskuratu eta bi asistentzia eman zituen. Gran Canarian piboten lana aipa daiteke. Ia beti bezala Vanessa Ble taldeko izarra nabarmendu zen, 33ko balorazioarekin, baina Nineta Ddoyeren lana ere aipagarria izan zen; hamazazpi puntu eta hamahiru errebote lortu zituen hemeretzi urteko senegaldarrak. Hondarribia-irun taldeko jokalari garaien ahultasuna baliatu zuen Ddoyek bizitzako partida onena jokatzeko.