Martxoan hasiko dira udal liburutegia handitzeko lanak
Hondarribiko Kultura Departamentuak 1.656.910 euroko aurrekontua izango du aurten. Joan den astean egindako aurkezpenean Txomin Sagarzazu zinegotziak azaldu zuen aurtengo lerro nagusiak Itsas Etxearen bidez programazioa eskaintzen jarraitzea, Zuloaga Etxeko obrak hastea eta jaiak izango direla.
Martxoan hasi nahi dituzte udal liburutegia handitzeko lanak. Dagoeneko artxibategia Kultur Etxera eraman dute eta udal liburutegiaren zerbitzua behin behinean tokiz aldatzeko 83.821 euro aurreikusi dituzte.
Beste gastu handietako bat jaietakoa da; 297.741 euroko aurrekontua izango dute 2013ko Ama Guadalupekoaren omenezko festek.
Kiroletan, antzerako kontuak
Kiroletarako iazkoaren antzera
Kultura arloarekin batera, Kirol departamentuaren aurrekontua aurkeztu zuten asteazkenean. Guztira, 479.597 euroko aurrekontua izango du; nabarmen jaitsi da, %19 inguru, baina hori hala da Txingudi Saskibaloiak jaso beharko lukeen diru laguntza izenduna iaz aurreratu zitzaiolako.
Gastu arruntaren atalerako 148.521 euro gorde dira, “batez ere jaietako pilota jaialdia eta udako zesta jaialdiak aipatu behar direlarik, eta nola ez, futbol zelaiaren zainketa, Amute eta Soroetako kirol guneak, edota Hondarribia Arraun Elkarteko kirol instalazio berrien egokitzea”.
Eta transferentzietarako 258.850 euro izango du Kirol departamentuak: 126.000 diru laguntza izendunentzat, 88.000 elkarteen eguneroko jarduerarako eta 12.300 ekitaldi zehatzetarako.