Itxaropena piztu egin da Donibane Eskubaloian

Donibane Eskubaloiak garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Eibarko Haritza taldearen kantxan, 22-29. Bigarren itzuliko laugarren partida izan zen Eibarkoa, eta azken jardunaldietako joera ona berretsi egin zuten arrosek: lau partida horietatik bat bera ere ez dute galdu, bi berdindu eta beste bi irabaziz. Gipuzkoako Lehen Mailan mantentzeko borrokan bete-bete sartu da beraz. Defentsa ona, eta erasoan asmatu. Horiek Jesus Pino entrenatzaileak Eibarko partidarako mahai gainean jarri zuen errezeta. Eta sukaldariek, jokalariek alegia, errezeta jarraitu, eta hasieratik aurretik jarri ziren arrosak markagailuan. Atsedenaldian, esaterako, emaitza nabarmena zuten alde sanjuandarrek, 10-18. Bigarren zatian eibartarrak saiatu ziren partidaren norabidea aldatzen, baina makaltasun uneren bat izan arren, aldeari eutsi zioten pasaitarrek, partidaren bukaerara arte. Garaipen ona, ameste jarraitzeko. Golegileak eta jokalariak. Jon Gajate (8), Emilio Idoipe (6), Aritz Perez (5), Aitor Resende (4), Iñaki Gonzalez (4), Jon Ziganda (1), Aritz Frias (1), Javier Fernandez, Luis Agirresarobe, Zuhaitz Garrido, Ibai Borges eta Kamel Abdi.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.