
Ezkondu eta gero arrantzari lotutako zereginetan aritu zen Agirre
Emeki Elkarteak Frantziska Agirre Olaso omendu zuen atzo San Pedro kalean, martxoaren 8aren bueltan urtero emakume hondarribiar bati egiten dion omenaldian. Ekitaldi polita eta hunkigarria izan zen, eta dozenaka gizon eta emakume elkartu ziren hain egun seinalatuan Agirreren ondoan egoteko. Hamarkadetan “ikusten ez den lana egiteagatik” omendu dute aurten Frantziska Agirre eta, modu berean, gerra ondoko emakumeen belaunaldia presente izan zuen Emekik atzo.
Frantziska Agirre Olaso Santiago kalean jaio zen, 1932ko irailean. 11 anai-arrebatik txikiena zen eta hamabi urte zituela hasi zen lanean, amarekin eta ahizpekin hasieran, eta garbitzaile bezala edo gaixoak zaintzen gero. Arrantzale batekin ezkondu zen eta, orduan, arrantzari lotutako lanak egiten hasi zen; besteak beste, kaleko arrain saltzaile izan zen, San Pedro kalean.
Bi seme eta alaba bat izan zituen eta, txikiak zirelarik, etxetik kanpora joan behar izan zuen, senarra zein koinatua zaintzeko, gaixotu zirenean. Denboraldi luzeak eman zituen horretan, horietako batean urtebete baino gehiago, Madrilen. Duela urte batzuk senarra zendu zitzaion Frantziska Agirreri, eta koinatuarekin bizi da. Itsu gelditu zen koinatua eta Frantziskak zaintzen du, gaixotu zenean zaintzen zuen bezala.
Gerra ondoko garaiko emakume askok bezala, txikitatik lan egin behar izan zuen Agirrek, eta, horretaz gain, etxekoaz eta etxekoez arduratu behar izan zuen. Atzo, baina, jai hartu zuen, herrikideek prestatutako omenaldirako. Seme eta ilobez inguratuta, Hondarribiko gizon eta emakumeen eskertza jaso zuen Frantziska Agirrek. Udaleko ordezkaritza bat ere izan zen atzo San Pedro kalean, Aitor Kerejeta alkatea buru zela. Udal gobernuko hainbat kideez gain, Bilduko zinegotziak ere agertu ziren Emekik antolatutako ekitaldira.
“Aintzat hartzen ez den lana”
Agirre omenduz, bere garaiko emakumeen aitortza egin zuen Emekik atzo, “hain gogorra eta aukera gutxiko bizitza izan zuten emakume guztiei. Inork baino hobeto dakite zer den etxeko lana, zer den zaintzaren lana, zer den hezkuntza lana, zer den itzaleko lana. Aintzat hartzen ez den lanaz badakite”.
Bukatzeko, belaunaldi berriei “sexu-diskriminazioaren kontra borrokatzea” tokatu zaiela esan zuten Emekikoek. Hala, “etxeko lanak partekatzea, lan produktiboa berdin ordaintzea eta bizitza laborala eta familiarraren arteko kontziliazioa lortzea” izango dira martxoaren 8an Emekik izango dituen aldarrikapenak.