
Euskararen Hilabetea programaren aurkezpena. Ezkerrean, Fernando San Martin euskara ordezkaria
Akitania-Euskadi programaren barruan Euskararen Hilabetea izango da martxoa Irunen eta horren haritik hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Fernando San Martin Irungo Udaleko euskara ordezkariaren hitzetan, “Euskararen Hilabete haurren euskararekiko interesa eta jarrera areagotzeko eta hobetzeko sortu zen. Izan ere, zenbat eta aldekoagoa izan jarrera, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera gure herrian”.
Hilaren 14an hasita, hiru antzezlan taularatuko dituzte Amaia Kultur Zentroan. Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei zuzendua izango da lehenengoa: Txalo Produkzioaken
Jon Beldurgabea. Hurrengo egunean, hilaren 15ean, Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleen txanda izango da eta Teatro Paraisoren
Nire odisea lana ikusteko aukera izango dute. Hilaren 21 eta 22an, Gorakada Teatro taldeak
Printzea eta ahatea antzezlana interpretatuko du ikastetxeko txikienentzat.
Ikasleen lanak sarean
Ikasleek euren euskarazko lanak argitaratzeko aukera izango dute. Horretarako, ikastetxeek ziklo bakoitzeko lana bat aukeratu eta Irunero aldizkariaren bi ale prestatuko dituzte. Batean Lehen Hezkuntzako ikasleen lanak jasoko dituzte, eta bestean, Bigarren Hezkuntzakoak. Aurten, ordea, ez dira paperean argitaratuko lan horiek, Interneten baizik.
Horrez gain, Irungo ikastetxe guztietan egindako lanekin erakusketa bat antolatuko dute.