
Gaurtik hasita eta hilaren 22ra bitartean musikarekin gozatzeko aukera izango dute lezoarrek Lesoinuren eskutik. 27. aldirako prestatu duten egitarau zabala aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean Ainhoa Zabalo alkateak, Xanti Espina musika eskolako zuzendariak, eta Mikel Arruti Kultura zinegotziak. “Harro eta pozik” aurkeztu du Zabalok aurtengo Lesoinu eta musika zikloak duen “izaera pedagogikoa” nabarmendu du: “Gaurtik bertatik, martxoaren 22ra bitartean egitarau oparoa antolatu dugu. Oparoa eta anitza, Lesoinu badelako musika aldi bat, askotariko ikuspegitatik musika bizi duten guztiei zuzendutako zikloa. Musikazale guztiei zuzendutako ekimena da Lesoinu”. Lesoinu “erreferentea” bihurtu dela gaineratu du halaber Zabalok, “80. hamarkadaren erdialdera abenura zirudiena, hogeita zazpi urte ondoren gure herrian, eskualdean, zein Euskal Herri mailan erreferente musikal eta artistikoa bihurtu delako”.
Izaera pedagogikoa duen musika zikloa da Lesoinu, “ikuspegi ezberdinetatik musika bizi duten guztiei zuzendua, ikasle, irakasle eta musikazaleei bideratua”, Espinak azaldu duenez. Musika eskolako zuzendariak bestalde, eskerrak eman dizkie Lesoinu posible egiten duten guziei, eta lau ardatz nabarmendu ditu, “ikasleak, guraso eta ingurukoak, langileak eta udala dira ekimen honen arrakastaren lau ardatzak”. Halaber, krisiak eragin ez diela antolaketan, eta aurtengo aldian egitaraua “oparoagoa” dela azaldu du Espinak eta horretarako, “gogoa, ilusioa eta irudimena” ezinbestekoak direla gaineratu du musika eskolako zuzendariak.
Lezoar guztiak Lesoinun parte hartzera deitu dituzte azkenik Espinak eta udal ordezkariek, “musikarekin gozatzeko aukera izango dutelako zalantzarik gabe”.
Lesoinuren egitaraua