
Udal teknikariek teilatua konpondu eta gero auzolana egingo dute gazteek, gaztetxea prestatzeko
Hondarribiko Gazte Asanblada ideiak jasotzen hasi da Puntaleko eskola zaharrean egoitza izango duen gaztetxeari begira. Udalak zenbait konponketa egin behar ditu eraikinean eta, ondoren, lau aretoetatik hiru Emeki elkartearen eta Caritas erakundearen esku utziko ditu, eta laugarrena gazteentzat izango da. Hauek dagoeneko hasi dira gazte lokaletara joaten eta bertan biltzen diren gazteekin elkartzen. “Jendeak primeran jasotzen gaitu eta jartzen duen interesa ikusita gauzak oso ongi joango direla aurreikusten dugu. Ahalik eta gazte gehienekin bildu nahi dugu, baina noski, ez ditugu Hondarribiko gazte guztiak ezagutzen”, aipatu dute
Gazte Asanbladaren blogean. Horregatik laguntza eskatu dute eta herriko gazte guztiei deia luzatu diete igandeetan 16:30etik aurrera Gipuzkoa plazan egiten dituzten asanbleetara agertzeko.
Finean, ahalik eta gazte gehienentzako eskaintza egin nahi du Gazte Asanbladak: “Aurreko urtean egindako guztia jasoa dugu, ideiak, tailer asko, funtzionatzeko moduak eta abar. Jasoak dauden gauzak dira, beraz, ez gara zerotik hasten, baina, pentsatzen dugun moduan pentsatzen dugulako eta denen ideiekin sortutako zerbait nahi dugulako, berriro komentatu eta landuko ditugu”.
Izan ere, udalak lokala uzteko baldintzetako bat egitarau bat prestatzea eta udalean aurkeztea da eta, horri begira, ahalik eta egitarau zabalen eta parte hartzaileena osatu nahi du Hondarribiko Gazte Asanbladak.