
Urdanibia plazaren urbanizazioa egingo dute aurten eta udalaren asmoa hobetzeko proposamenak jaso dituzte
Urdanibia plazako auzotar, merkatari, ostalari eta Irungo Alde Zaharrean jarduerak antolatzen dituzten eragile gehienek bezala, Moskuko bihotza berriro hiritartzeko erabakia txalotu du Irungo Bilduren udal taldeak, aspaldiko beharra zelako. Koalizioko arduradunek hainbat bilera egin dituzte interesdunekin, eta udalak proposaturiko plangintza hobetzeko hainbat proposamen jaso dituzte. Aste honetan emandako prentsaurrekoan, Oinatz Mitxelena Bilduren udal taldearen bozeramaleak eman zuen horien berri.
Lehenik eta behin, obrarako hainbat eskaera egin ditu Bilduk, hala nola, kontrataziorako hitzarmen kolektiboak betearaztea, eskualdeko langabeak kontratatzea eta Korrokoitz kaleko hoditeria 13. zenbakiraino iristea.
Gaur bezala, larunbatero azoka egiten da Moskun eta obrak eta gero hori ez da aldatuko, baina azoka eremu berriko gune ezberdinetan banatzea proposatu du udalak. Oro har, eragileek ondo ikusten dute hori, baina “saltzeko gaika banatzeak kalte egingo ote dien” beldur dira. Horren gainean hausnarketa egiteko eskatu zuen Mitxelenak, “saltzaileen parte hartzea bermatuz”. Gainera, saltzaileek azokara hurbiltzeko ibilgailuak ezinbestekoak direla gogorarazi dute eta hori bermatzeko eskaera egin dute, “distantzia, kostu ekonomikoa eta bestelakoak kontuan hartuz”.
Izan ere, Urdanibia plaza berriro hiritartzeko obra egiten den bitartean aparkaleku asko desagertuko dira. Udalak auzotarrei San Juan plazako aparkalekua eskaini die, hilero 40 euro ordainduta. Bilduren ustez, proposamena “ez da nahikoa”ceta “zero kostuko” alternatiba bat egitea eskatu diote udalari.
Plan ekonomikoa aurreratzeko eskaera
Jarduera ekonomikoari dagokionez, Bilduk kezka agertu du udalak Kbiziak plana obrak amaitu eta gero berriro abiatzeko asmoa duelako. Koalizioaren ustez, “gaur egun dagoen jarduera ekonomikoa ez da kontuan hartzen” eta egun Moskun dauden komertzioentzat “laguntza plan bat egotea” eskatu dute. Hala, obrak dirauten bitartean azoka inguruan mantentzea eta eremuko komertzio eta ostalarientzat karga eta deskarga guneak egokitzea eskatu du Irungo Bilduren udal taldeak.
Auzotarrekin eta bestelako eragileekin bildu eta gero, Moskun antolatzen diren ekintzen jarraipena bermatzea nahi dutela jaso dute Bilduko ordezkariek eta ekitaldi horiek guztiak Urdanibia plazan egiten jarraitzea galdegin dute, eta “obrak irauten duten bitartean ingurunetik ez aldentzea”. Horri lotuta, obrak eszenatoki finko eta estali bat eraikitzeko probestea eskatu dute eta, etorkizunerako, txosnen kopurua handitzea.
Mugikortasun arloan, zalantzak agertu dituzte, obrek oinezkoentzat lehentasuna izango duen eremua bat ekarriko dutelako, baina oraingo trafikoa desbideratzeko alternatiba argiak ez daudelako. Bestela, Urdanibiako Ospitale Zaharreko eraikin batean egoitza duen ASPACEra doazenen irisgarritasuna kontuan izatea eskatu dute, “argi jarriz eta azalduz nondik eta nola iritsi behar duten”.
Izaera gordetzeko nahia
Historiagatik, kokapenagatik eta duen bizitzagatik, plaza berezia da Urdanibia, eta hori ez galtzea nahiko lukete Bildurekin elkarrizketak burutu dituztenek. Mitxelenak onartu zuenez, Urdanibia plazak XXI. Mendera jauzia egin behar du, baina “eraikinen itxurari erreparatzen zaion bezala, plazak hiriaren historian bere izaerarekin jokatu duen papera kontutan hartzea eskatzen dugu”.
Hori bai, obrak orain ez dituen zerbitzuak ezartzeko baliatu behar direla uste du eta hainbat proposamen egi dituzte, eta udalari horiek kontuan izateko eskatu diote, plaza inguruko bizilagun eta erabiltzaileen eskaerak direlako.
Egitasmoan kontuan hartzeko proposamenak
- Urdanibia plaza hiriko bihotzetako bat izan da eta “izan duen izaera bizirik mantentzea” eskatu dute, besteak beste, animalien heldulekuak mantenduz.
- Espazio berriak disfrutatzeko izan behar duela uste dute eta, zentzu horretan, hainbat proposamen luzatu dituzte: eremu guztian bankuak jartzea, Sargiarekin lotura zuzena edukitzea eta ospitale zaharraren bilera aretoa eta Dolores Salis etorbidea banatzen dituen hesia kentzea eta komun publikoak jartzea.
- Argiztapen berrian energia berriztagarriak kontuan izatea eta, plazako lanak, auzoko karrika batzuetan dauden argiztapen arazoak konpontzeko baliatzea nahi dute. Gainera, obra bitartean eta ondoren hondakinen gaikako bilketa hobetzeko plan bat abiatzea galdegin diote udalari.
- Gaixorik daudelako kendu nahi dituzten zuhaitzen fitxa publiko egitea eskatu dute eta obran aldatu behar dituzten zuhaitzak “ahalik eta berme tekniko handienekin” egitea proposatu dute, “lurraren iragazkortasuna, materiala, diseinua etab kontuan hartuz”.