Haurrentzako herri egokien gaineko gogoetan, Oarsoaldeko eragileak
admin
Oarsoaldea
Jardunaldien antolatzaileak, atzoko aurkezpenean
Atzo aurkeztu zituzten Donostian Herri hezitzailea, eskola herritarra goiburuko jardunaldiak. Maiatzaren 10ean eta 11n egingo dituzte Donostiako Kursaalen (beheko estekan sartuta ikus daitezke egitaraua, eta izena emateko aukerak). Hala, haurrentzako egokiak diren hiriak eta herrien gaineko gogoeta egitea da jardunaldi horien asmoa, eta Euskal Herriko hainbat eragile gai horren gainean egiten ari diren hausnarketaren barruan daude. Honakoak dira: Irrien Lagunak egitasmoa, Oarsoaldeko Euskara Batzordea, Arrasateko Txatxilipurdi aisia elkartea, HUHEZI Sorguneak ikerketa taldea, Lizarrako eta Iruñeko udal haur eskolak, eta Hik Hasi eta Hazi Hezi heziketa aldizkariak.
Garapenean, ekoizpenean eta kontsumismoan oinarritutako hiri ereduen eskematik kanpo dauden kolektiboei “oztopo ugari” ezartzen zaizkiela uste dute ekimenaren antolatzaileek, eta horrek haurren heziketan zer nolako eragina duen hausnartzen ari dira, “haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzeko”. Bide horretan egiten ari diren urratsak ezagutarazi nahi dituzte jardunaldien bidez, eta horretarako, besteak beste, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren laguntza izango dute.
Francesco Tonucciren ekarpena
Maila teorikoan, Francesco Tonucci pedagogo italiarra izango da gonbidatu berezia. Tonuccik —Frato goitizinez ezaguna den marrazkilariak— Haurren hiria proposamena gauzatu du Europan —Italian nagusiki, baina baita Espainian eta Katalunian ere— eta Amerikan —Guatemalan, Mexikon, Argentinan…—. Eta, Euskal Herrian bertan ere, hainbat lekutan ari dira haren proposamena aurrera eramaten. Proposamen horrek hiriaren erdigunean haurra ezartzen du, lurraldea haurrarengan pentsatuz antolatu behar dela dio, eta horretarako prozesu parte hartzaileak proposatzen ditu —haurren kontseiluak sortu ditu hainbat udaletan—.
Orain, Haurren Hiria liburua euskarara itzuli da, jardunaldien harira. Eneko Barberena Txatxilipurdi aisia elkarteko idazkariak aurkeztu du itzulpenaren proiektua, elkartea baita euskaratzearen bultzatzailea. Aisiako begiraleek ia gida-liburu gisa erabili izan dute Tonucciren Cittá dei bambini liburua, eta lan tresna oso baliagarria eta irakurterraza izanik, euskarara ekartzea erabaki dute. Maider Elkoro bergararrak egin du itzulpena, eta jardunaldien bezperen, maiatzaren 9an aurkeztuko da Arrasaten. Tonuccik berak liburuaren euskarazko bertsioaren aurkezpenean parte hartuko du.
Atzo, aurkezpena
Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiak, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagak, Donostiako Udaleko Berdintasun, Migrazio eta Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok, Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikerguneko ikerlari Lorea Agirrek, Txatxilipurdi Aisialdi elkarteko kide Eneko Barberena eta Mireia Bazek; Aitziber Arnaiz Oarsoaldeko euskara teknikariak, Nekane Martiarena Oarsoaldeko Irrien Laguneko kideak, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” Irrien Lagunak taldeko kideak, eta Hik Hasi hezkuntza egitasmoko koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik.
Jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago, eta hilaren 26an itxiko da. www.hikhasi.com webgunean dago informazio osoa eta izena emateko aukera. Bi eguneko jardunaldietan matrikula 70 eurokoa da eta egun bakarrekoa, 40koa. Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek prezio berezia daukate.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.