Ion Areitio laugarren geratu da Munduko Trial Kopako lehen proban

Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak laugarren postua lortu zuen asteburuan Heubach-en (Alemania) egin zen 2013ko Munduko Trial UCI Kopako lehen proban. 20″-ko modalitateko Elite mailan lehiatzen da hondarribiarra —beste bat dago, 26″koa— eta hirugarren postutik puntu bakarrera geratu zen; 54 puntu egin zituen Areitiok eta 53 Dani Comas katalanak. Benito Ros iruñarrak irabazi zuen proba, 48 punturekin, iazko sailkapen orokorreko txapeldun Abel Mustieles espainiarraren aurretik (49,5 puntu). Proba oso zaila izan zen, lokatz asko zegoelako, eta pilotuek duten onena eman behar izan zuten larunbateko finalerdietako zein igandeko finaleko oztopoak ahalik eta zigor gutxienarekin gainditzeko. Erorketa asko izan ziren eta antolatzaileek kritikak jaso dituzte, zenbait oztopo lehorrerako soilik zeudelako pentsatuta eta euriarekin gaindiezinak zirelako. Guztira, bost probek osatzen dute Munduko Trial Kopa eta bostak Europan egiten dira. Asteburuan Alemanian egin zenaz gain, Polonian, Frantzian —bitan— eta Flandrian jokatuko dira Munduko Kopako probak. Hurrengoa Polonian egingo dena izango da, Walbrzych herrian, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.