Errenteriako alkatea, larri gaixorik dauden presoak "kartzelatik ateratzeko" batzordean
Gaitz larriak dituzten presoen herrietako zazpi alkate batu dira, erakundeei urratsak egin ditzaten eskatzeko. Aitzol Gogorza errenteriarra eritasun larriak dituzten presoen artean dago.
«Jendartearen justizia nahiari erantzuteko asmoz», batzorde bat osatu dute gaitz larriak dituzten presoen herrietako alkateek. Horien artean dago Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Aitzol Gogorza preso oreretarra egoera horretan dagoelako. Eritasun larriekin espetxean dituzten herritarrak babesteko betebeharra dutela adierazi dute batzordea osatu duten zazpi alkateek, eta iragarri dute hainbat alderdi eta erakunderekin jarriko direla harremanetan. Besteak beste, Espainiako, Frantziako nahiz Europako erakundeetara joko dutela aurreratu dute. Horrela, konpromisoak hartzera bultzatu nahi dituzte alderdi eta erakundeak, «pausoak eman ditzaten preso horiek kartzelatik ateratzeko».
Errenteriako alkateaz gain, Lasarteko, Hernaniko, Ondarroako, Larrabetzuko (Bizkaia) eta Arbizuko alkateek aurkeztu zuten batzordea atzo. Aguraingo alkate Maider Garcia de Vicuña ere badago batzordean, atzo Hernanin egindako aurkezpenean izan ez zen arren. Zazpi herri horietako herritarrak ez ezik, preso dituzte gaitz larria duten Iruñeko hiru lagun, eta Tafallako (Nafarroa), Elorrioko (Bizkaia), Gasteizko eta Menagaraiko (Araba) lagun bana ere.
Arbizuko alkate Miren Mendinuetak nabarmendu zuen kartzela ez dela gaixotasun larriak artatzeko leku egokia. «Aitzitik, presoen egoera fisikoa okertu eta euren senitartekoen ezinegona areagotzen du», esan zuen, eta gaineratu zuen pertsona eta preso gisa dagozkien eskubideak ukatzen zaizkiela horrela. Mendinuetak gogorarazi zuen Espainiako nahiz nazioarteko legeek eta giza eskubideen adierazpenek ere jasotzen dituztela eskubide horiek. Horregatik, «blokeo politika amaitzeko» eta gaixotasun larriak dituzten hamabost presoak askatzeko eskatu zieten Espainiako eta Frantziako gobernuei. «Arduraz joka dezatela eskatzen diegu, konponbide fasean murgil daitezen».