Aulki hutsekin irudikatu dute euskal preso eta iheslarien hutsunea

Amets Badiola

Amets Badiola

Errenteria-Oreretan ere hamarnaka izan dira M#18 Plazara Herriraren ekimenarekin bat egin duten herritarrak. Hiru zutabeko martxa abiatu da Alaberga, Katalunia biribilgunea eta Santa Klara plazatik euskal preso eta iheslariek bizi duten salbuespen egoera salatzeko 11:45ean, eta denek bat egin dute Koldo Mitxelena plazan ordu laurden beranduago. Hiru  aldarrikapen nagusi  egin dituzte, bat zutabe bakoitzak: 197/2006 doktrinaren derogazioa, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak etxeratzea, eta  euskal preso eta iheslariak Euskal Herriratzea. Horren harira, gaixotasun larri eta sendaezina duen Aitzol Gogorzaren  kasua, eta zigorra beteta eduki arren doktrina ezarri eta espetxean mantentzen dituzten Jokin Urain Kixkur, eta Jose Lorenzo Lasa Txikierdiren kasuak nabarmendu dituzte. Esmalteria plazan zain zituzten parte hartzaileek udalerriko euskal preso eta iheslarien hutsunea irudikatzen zuten aulki txuri hutsak. Bakoitzak errepresaliatu baten izena zeraman. Argazki erraldoia eginda, Esmalteriako arkupetan bilatu dute babesa elkartutako hamarnaka lagunek ekitaldia jarraitu, presoei postalak idatzi eta elkartasun pintxoak  dastatzeko.  Halaber, Marina Bernado Oreretako presoak okulista baten bisita espetxean jasotzeko aukera izan dezan hamarnaka eskaera sinatu dituzte herritarrek.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.