Ekainaren 1ean egingo dute festa, baina aurretik ere izango da sagardoaren kulturaz gozatzeko aukera; egunerako ere hainbat berritasun iragarri ditu Alkartasuna Euskal Dantza Taldeak
Atzo eman zituzten Sagardo Jaiaren gaineko xehetasunak, agerraldian
Antxon, eta inguruko herrietan, galdu ezin den hitzordua bihurtu da Alkartasuna Euskal Dantza Taldearen Sagardo Jaia. Ekainaren 1ean, larunbata, egingo dute aurten. Urteen poderioz jaia egonkortzen joan da, eta horregatik gogoeta egin dute Alkartasunako kideek: euren helburua izan da jaia nola indartu. Hala, gogoeta horren emaitzak urte honetako ekimenetan txertatzea erabaki dute dantza taldeko ordezkariek, “urte bakoitzak izango zuen bere bereizgarria, eta hogeigarrena ez da gutxiago izango”. Hori dela eta, aurreko egunean, maiatzaren 31n, sagardo kata tailerra egingo dute, eta ekainaren 1eko festa ez da arratsaldeko dastaketara mugatuko: 12:00etatik aurrera haurrek sagardoa nola egiten den ikasi ahal izango dute, ondoren herri bazkaria izango da –Jai Batzordeak antolatua–, eta 18:00etan hasiko da dastaketa.
Gure Zumardian jarriko dituzten postuetan, denera, 21 sagardo dastatzeko aukera izango dute festara hurbiltzen direnek. Horrekin lotuta, postre lehiaketa ere izango da, eta nola ez, sagardoa edan bitartean hainbat jaki eskuratzeko aukera edukiko dute hala nahi dutenek. Dastaketaren ondoren, Trikizio eta Ekilibristak taldeek kontzertua emango dute, XX. Sagardo Jaiari behar bezala biribiltzeko.
Hamabostaldi Kulturala
Sagardoarekin lotutakoak, ordea, ez dira Alkartasunaren emari bakarra izango datozen egunetan. Izan ere, Antxoko dantza taldearen Hamabostaldi Kulturalaren barruan ulertu behar da festa. Hau da, aurreko nahiz ondorengo egunetan Antxon dantzarekin eta bestelako esparruekin lotutako ekimen asko egingo dituzte. Honakoak dira:
Gaur (larunbata)
- 22:00etatik aurrera, Gure Zumardian, Alkartasunaren aurkezpena (dantza emanaldia da).
Bihar (igandea)
- 12:00etatik aurrera, Gure Zumardian, Alkar Txikiren aurkezpena.
Hilak 27, 29 eta ekainak 3, 5
- 20:30ean, Azokan, sanferminetako Iñude eta Artzaien ikuskizuna prestatzeko saioak.
Hilak 28 (asteartea)
- 20:00etan, Kultur Etxean, Jatorri anitz, herri bat bideoaren emanaldia.
Hilak 31 (ostirala)
- 19:00etan, Azokan, sagardo kata tailerra.
Ekainak 1 (larunbata)
Ekainak 6 (osteguna)
- 19:00etatik aurrera, Antxoko tabernetatik, dantza-pintxo-potea
Ekainak 7 eta 8
- Kultur Etxean, Iñude eta Artzaine gaineko erakusketa.
Ekainak 7 (ostirala)
- 17:00etatik aurrera, Azokan, haurrentzako Munduko Jolasak.
Ekainak 8 (larunbata)
- Bertso saioa Mimos tabernan