Oarsoaldeko HHIko ikasleak, Liverpool-en
Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria-Oreretako Helduen Heziketa Iraunkorreko (HHI) ikasleek sei eguneko bidaia egin du Erresuma Batura, zehazki Liverpool, Manchester eta Chester hiriak ezagutzeko. 42 ikasle izan dira denera bidaian, eta aukera izan dute, hiri horiek ezagutzeaz gain, urtean zehar eskoletan ikasitako ingelesa praktikatzeko. Belen Soroa ingeleseko irakasle eta bidaiaren antolatzaileak esan duenez, “oso esperientzia aberasgarria izan da guztiontzat”.
Hala, batzuetan, derrigor hitz egin behar izan dute ingelesez ikasleek, kale bat aurkitzeko, jatetxeko menuak ulertzeko eta eskatzeko, edo sarrerak erosteko. Baina euren ekimenez ere erabili dute hizkuntza hori, taxistekin, dendariekin edo hoteletako langileekin, esaterako.
Esperientzia akademikoa ere bizi dute, Liverpool hiriko HHI eskola bisitatu dutelako. Bertan ingelesa ikasten ari diren atzerritarrekin batera jardun dute mintza praktika egiten Errenteriako ikasleek. Oiartzungo Higinio ikaslearen esanetan, ingelesez ikasten ari diren ikasleekin aritzea “errazagoa” egin zaie, “hobetu ulertu gara, oso mantso hitz egiten dugulako”.
Horrekin guztiarekin, esperientzia “oso gustukoa” izan dela esan dute Oarsoaldeko HHI arduradunek, “datorren urtean ere parte hartzeko prest daude ikasleak”.