Lehen aldiz Hirugarren Mailan jokatuko du Oiartzunek

Karla Lekuona goraino bete zen larunbat arratsaldean Oiartzun Kirol Elkartearen (OKE) mutilen taldeak inoiz izan duen partidarik garrantzitsuenean. Berdinketa batekin aski zuten etxekoek Trintxerperen kontrako partidan Hirugarren Mailara igotzeko, baina hori gutxi zen etxekoentzat, garaipena nahi zuten bere publikoaren aurrean, ospakizuna bete-betea izan zedin. Eta lortu zuten. 2-0 irabazi zion Oiartzunek Trintxerperi, eta maila jauzia handiki ospatu zuten zelaian nahiz harmailetan izan zirenek. Eñaut Fernandezen eta Ander Garmendiaren golak klubaren historiaren zati arrakastatsu baten kronikaren hasiera bestetik ez dira. Lehenengoz jokatuko du Oiartzunek Hirugarren Mailan. Pasaia izango du bertan kontrario. Arratsaldean herrian Sagardo Jaia izan zela baliatuta, ospakizuna Ugaldetxotik herriaren muinera joan zen. Jokalariek arrakasta herritarrekin konpartitu zuten, festa egun handia izateko. Areto futbolekoa, ez OKEren larunbateko festa ez zen oso-osoa izan. Oiartzungo taldearen areto futboleko ekipo nagusiak Gipuzkoako Lehen Mailako finala galdu zuen, 4-2, Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegian Laskorainen kontra. Ez dute, beraz, datorren sasoian Euskal Ligan jokatzeko aukerarik izango.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.