Ohiko plenoa egingo du Lezoko Udalbatzak etzi
Ohiko plenoa egingo du etzi Lezoko Udalbatzak 19:30etik aurrera biltzar areto nagusian. Hamaika punturekin dator honakoa eta tartean lau mozio aztertuko dituzte bertan. Lehen mozioa Bildu koalizioak Onkologikoaren gainean aurkeztuko duena izango da. Onkologikoa Osasun Sistema Publikoan sartzea eskatuko du Bilduk. Gai beraren gainean EAJk ere mozioa aurkeztuko du. Gainontzeko bi mozioak alderdi jeltzaileak aurkeztutakoak dira: herri kurduari elkartasuna adierazteko da bata, eta LOMCEren gainekoa bigarrena.
Etxe hutsen zergaren kuotari ezarritako %150eko errekargua indargabetzeko diktamina landuko du plenoak eta Lezoko Udala Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide izateko izendapen proposamena aztertuko du, halaber.