Ohorezko Mailako taldeak bosgarren postua oparitu nahi die zaleei
Larunbatean Bergaran 0-1 irabazita, seigarren postua ziurtatu du Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak eta bosgarrena lor dezake, aurreko astean Aloña Mendirekin bertan behera geratu zen partida irabazten badu. Ostiralean jokatuko dute, 19:00etan, eta, horrela, zaleen aurrean denboraldia behar bezala amaitzeko aukera izango lukete berdeek.
Bergaran jokatutako partida eta gero Mikel Llorente entrenatzaileak onartu zuenez, “ez dugu beste munduko partida bat egin baina taldea sendo egon da”. Lehia hasi aurretik seigarren postuan berdinduta zeuden bi taldeak, 49 punturekin, bosgarren Beriok baino lau gutxiago. Garaipenarekin, seigarren postua ziurtatu eta bosgarrenetik puntu bakarrera jarri da Hondarribia, Beriok Hernanin galdu zuelako. Llorentek zaleei dei egin die ostiraleko partidara joateko. “Denboraldia amaiera ezinhobea emateko aukera dugu gure zaletuen aurrean”, esan du.
Ostiraleko partida belar artifizialeko zelaian jokatuko dute, ureztatze sisteman konponketak egiteko belarrezko zelaiko zati bat altxatu behar izan dutelako.