Aitor Frantzesenak ordezkatuko du Aritz Aranburu Bikingo Egunaren abiatzean
Bihar, ostiralarekin, hasiko da III. Bikingo Eguna, Itsas Etxea Auditoriumean egingo diren proiekzio eta hitzaldiekin. Hasiera batean Axier Muniainek eta Aritz Aranburuk abiatu behar zuten ekitaldia baina Aranburu ezin izan da oraindik Tahitik itzuli eta bere entrenatzaile Aitor Frantzesena Gallo-k ordezkatuko du. Muniainek eta Gallok hitzaldia emango dute, bi surflarien gaineko proiekzioaz lagunduta.
Umorea ez da faltako HS2 elkarteak antolatzen duen III. Bikingo Eguneko lehen jardunaldian. Galeria Treintautres Shaf-ek laburmetrai “ganberro samarra” prestatu duela aurreratu dute antolatzaileek. Ekitaldia osatzeko, Txetxo Iphoto & Foto Sertx argazkilariek eskualdeko surflariei egindako argazkien erakusketa muntatuko dute Itsas Etxean.