Udal Gobernu Taldea eta Enekoitz Markos prozesuko teknikaria
Gaur Hirigintzako Plan Orokorraren (HPO) parte hartze prozesuaren tailerrak hasiko dira.
Ergoien izango da lehen auzoa. Tailer horien bidez, auzo bakoitzari dagokion garapena aztertuko dute, heldu diren 10-15 urteei dagokiona zehatzago esateko. Hurrengo asteetan beste auzoetan izango dira tailerrak.
EtorkiZUna, Oiartzun lelopean parte hartze prozesu horretan oiartzuar bakoitzak zeresana duela adierazi nahi du udalak: “Izan ere, Hirigintzako Plan Orokorra behin-behinean dago onartua, hortaz, iradokizunak, proposamenak, alegazioak… txertatzeko aukera badago parte hartze prozesuak iraun bitartean”. Auzo bakoitzean, gainera, tailerrak egingo diren aste horretan, HPOri buruzko erakusketaz gain, Liburu Txuria eskuragai egongo da ekarpen zein proposamenak jasotzeko. Teknikari baten laguntza ere izango du herritarrek.
Arau Subsidiarioak bateratzeko beharra
Udalak argi utzi nahi du Oiartzunek Hirigintzako Plan Orokorra behar duela: “Orain arte hirigintzako dokumentu ezberdinen (Arau Subsidiarioak deiturikoak) barruan dago antolatua herriaren etorkizuneko garapena eta guztiak bateratzeko beharra dago”. Era berean, Altzibarko eremu bat epaitegiak etenda utzi duela gogoratu du, eta orain arteko hirigintzako dokumentuetan garatu gabeko auzo eta guneak daudela adierazi du; hala nola, Karrika, Ergoien, Gurutze, Urkabe eta Altzibar.
Eusko Jaurlaritzaren 2/2006 Lurzoru Legea ere gogora ekarri du udalak. Lege horren arabera, 2014ko irailaren 20rako Hirigintzako Plan Orokorra idatzia, tramitatu eta onartuta eduki behar du udalak. “Beraz, lege aldetik ere beharrizana badago Hirigintzako Plan Orokorra garatzeko”.
Sektoreekin egindako bilerak, “positiboak”
Joan den hilabetean sektoreekin egin zituzten parte hartze tailerrak: landalurra, emakumeak, elkarteak (kirola eta kultura), hirugarren adina eta gazteak, hurrenez hurren. Horiekin egindako saioak positibotzat baloratu ditu udalak: “Kualitatiboki zein kuantitatiboki”.
Guztira 109 herritarrek parte hartu dute eta horiek euren kezkez-eta hitz egin zuten bilera horietan: “Asko hitz egin da, adibidez, kultur etxe baten beharraz, ekipamenduen kokalekuez, gaur egun dauden instalazioak hobeto aprobetxatzeko egin daitekeenaz…
Emakumeen saioa “oso emankorra” izan zela nabarmendu du udalak: “Emakumeen ikuspuntua orain arte gutxi jaso den zerbait izan da eta saio aberatsa izan zen”. Elkarteekin egindakoa ere halaxe izan zen eta jendetsuena hirugarren adinekoena izan zela adierazi du.
Herriko ikastetxeetako gaztetxoen ikuspuntua ere jasoko du udalak. Horien txanda irailean izango da.
Metodologia “freskoa eta erraza”
Horrelako bilerak astunak izan ohi direla pentsatzen dute askok, baina udalaren arabera, parte hartze tailerretan erabiltzen ari diren metodologia “freskoa eta erraza” izaten ari da: “Tailerrak biziak eta arinak dira eta ulertzeko moduan azaltzen dira kontzeptuak. Metodologia berria ongi hartu dute parte hartzaileek”. Hori horrela, beldurra kentzeko animatu die udalak herritarrei. “Guztiok gara gure herriaren, auzoaren, inguruaren beharren jakitun eta gure herriarentzako zein etorkizun nahi dugun ere badakigu. Horregatik, auzoetan egingo diren tailerretan parteko gonbita luzatzeko diegu gobernu taldetik herritar guztiei, baita euren ekarpenak egiteko ere”.
Auzoetako saioen egutegia
Ergoien: Hilaren 6an, Auzokalte elkartean, 19:00etan.Altzibar: Hilaren 12an (asteazkena), eskoletan, 19:00etan.
Elizalde: Hilaren 20an (osteguna), udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
Gurutze: Hilaren 27an (osteguna), Bizardia elkartean, 20:00etan.
Karrika eta Iturriotzen uztaileko lehenengo astean egingo dituzte parte hartze saioak eta Ugaldetxo eta Arraguan uztaileko bigarren astean. Data zehatzak aurrerago jakinaraziko ditu udalak.