Joan den asteazkenean Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP) onartu zuten Batzar Nagusiek aho batez. Alderdi guztiek eman zuten foru arauaren aldeko botoa, eta zazpi urteko ibilbidearen ondoren zehaztuta eta programatuta geratu da Gipuzkoako bidegorrien sarea. Sare horretan lurraldeko eta udal sareak bereizten dira eta lurraldekoa bederatzi ibilbidetan banatzen da, horietatik lehena Donostia eta Irun artekoa.
Diputatuen Kontseiluak otsailean eman zion oniritzia planari. Batzar Nagusietan plana aurkeztu, jendaurrean jarri, eta zuzenketak jaso eta aztertu ondoren, behin betiko plana jasotzen duen foru araua onartu dute.
Onartutako arauan zehazten denez, Lurraldearen Arloko Planaren helburuak hiru dira: Foru bizikleta bideen sareari dagokionez helburu nagusiak zehaztea, bizikleta bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea eta, aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lortzearren, egin beharreko jarduera programak zehaztea.
Egitasmoak zehazten duen lurraldeko bizikleta sarea bi zatitan bereizten du, lurraldeko sarea, batetik, eta udal sarea, bestetik. Foru arauak izaera loteslea du lurraldeko sareari dagokionez eta gomendiozkoa udal sarearen kasuan.
Lurraldeko edo foru sareko proiektuan bederatzi ibilbide agertzen dira, bi laurtekotan banatuta. Zati batzuk lehen laurtekoan aurreratzea espero da, beste batzuk bigarrenean, eta badira aurreragoko berrikuspenetarako uzten direnak.
Bederatzi ibilbidetatik lehenak eragin zuzena du Oarso Bidasoan, Donostia eta Irun lotzen dituelako. Zazpi zatitan dago banatuta Donostia eta Irun arteko bizikleta ibilbidea. Horietatik hiru lehen laurtekoan gauzatuko lirateke, beste hiru bigarrenean, eta zazpigarrena, Irungo Mendelu eta hiriko iparraldea arteko lotura, Lurraldeko Arloko Plana zehaztu zain geratuko litzateke.
Donostia-Irun ibilbidea
1. laurtekoan
- Donostia (Herrera-Gomistegi)
- Jaitzubia
- Hondarribia (Amute)-Hondarribia
2. laurtekoan
- Errenteria-Gaintxurizketa
- Gaintxurizketa-Irun (Katea)
- Lezo-Pasaia (Donibane)
Aurrerago
- Irun (Mendelu)-Irun (Iparraldea)