Puntista profesionalak etxegabetzeen kontra
Hilaren 21ean, ostiralarekin, Hondarribiko Stop Kaleratzeak taldearen aldeko zesta punta jaialdia egingo dute Jostaldi pilotalekuan, Hondarribiko Pilota Eskolak antolaturik. Jai Alive enpresako puntista profesionalek hartuko dute parte, eta beste zenbait eragilek ere lagunduko dute, hala nola, Izugarria Buruhandien eta Erraldoien konpartsak, Sebastopoleko Titiriteroak taldeak, Hondarribiko Gazte Asanbladak eta udalak.
Hondarribiko Stop Kaleratzeak taldearen aldeko zesta punta jaialdia hilaren 21eko arratsaldeko zortzietan hasiko da, baina aurretik kalejira egingo dute herriko buruhandi eta erraldoiekin, ordubete lehenago Azken Portutik abiatuta (Arrantzale auzoa). Kalejira Jostaldira iritsita hasiko da jaialdia, 20:00etan.
Profesionalen jaialdia izango da, Jai Alive enpresak antolatuta, baina sarrera borondatezkoa izango da eta bildutako diru guztia Hondarribiko Stop Kaleratzeak taldearentzat izango da, “etxerik gabe geratzeko ariskuan dauden familien alde lan egiten segi dezaten”. Gainera, materiala salduko dute eta informazioa ere emango dute plataformako kideek. Pilota eskolatik dei egin diete herritarrei jaialdira hurbiltzeko: “Etxe kaleratze batek suposatu dezakeen larritasunaren aurrean altxatzen bagara, dena aldatzeko gai izan gaitezke”, esan dute.