Oarso Bidasoko traineruak, zazpi segundoan
Atzo jokatu zen Bartzelonan San Miguel Ligako lehen estropada. Txikikeriak alde batera utzita, Oarso Bidasoko traineruek aldez aurretik ezarrita zuten gidoia bete zuten, Hondarribiak kenduta; izan ere, laugarren izan ziren berdeak sailkapenean, Urdaibai irabazletik 18 segundora, eta gainera, Orio haien aurretik sailkatu zen (20:09ko denbora egin zuen Ama Guadalupekoak). Hondarribikoak beldur ziren ea ez ote zetorren goizegi lehen estropada hori, eta neurri batean, zer hobetu badutela azaldu zuten. San Pedro bosgarrena izan zen (20:10), Hondarribitik ehuneko gutxi batzuetara, eta San Juan zortzigarrena (20:16). Hau da, Oarso Bidasoko hiru traineruak zazpi segundoren tartean sailkatu ziren.
Urdaibai lehena izan zen (19:51), Kaiku bigarrena eta Orio hirugarrena. Behetik, Castrok zein Zumaiak ez zuten estropada ona egin, hortaz, jaitsierako postuetarako hautagai bihurtu dira.