Asturiasko Printzea Saria jasoko du Txema Olazabalek
Txema Olazabak golf jokalari hondarribiarrak 2013ko Kiroleko Asturiasko Printzea Saria jasoko du. Gaur jakinarazi dutenez, azken bozketan Teresa Perales Espainiako igerilari paralinpikoari gailendu zaio, 9-8ko emaitzarekin. Saria irabazteko beste hautagai batzuk, David Cal piraguista, Javier Gomez Noya triatloi lasterkaria eta Oxford-Cambridge piraguismo proba ziren.
Epaimahaiaren arabera, “Historiako golf jokalaririk onenetarikoa” da hondarribiarra, “Severiano Ballesterosen izpirituaren jarraitzaile”. Olazabalen “gainditze gaitasuna, jarrera lehiakorra eta ezaugarri humanoak” nabarmendu ditu Asturiasko Printzea Sariko kirol arloko epaimahaiak.
Iaz Europako taldeak Ryder Cup txapelketa irabazi zuen, Olazabak kapitain zelarik. Bitan Augustako Masters txapelketa irabazita du (1994an eta 1999an) eta jokalari bezala zazpi aldiz jokatu du Ryder Cup.
Udalaren eskertza
Sariaren berri izan bezain pronto, udalak zoriondu nahi izan du herriko kirolaria. “2013ko Kiroletako Asturiasko Printzearen saria eman diote gaur hondarribiarrari. Hori dela eta, Udalak, herri osoaren izenean, Txema Olazabali eskertu egin nahi dio, beti ere Hondarribiaren irudia zintzotasunez eta kiroltasunez hedatzeagatik munduan zehar”, adierazi dute.
Txema Olazabal Hondarribiko Seme Kuttuna da 1999az geroztik, eta Urrezko Intsignia jaso zuen 1994an.